Astelehenean greba mugagabea hasiko dute Sammic-eko langileek

Uztarria.eus 2018ko eka. 29a, 20:07

Sammic-eko langileak enpresaren atarian greba egun batean.

Bi astetan bost egun greban eman ondoren eta enpresarekin akordiorik lortu ez dutenez, greba mugagabeari ekingo diote Basarte industriaguneko enpresako beharginek astelehenean. Hitzarmen duin bat aldarrikatzen ari dira protestekin, eta "enpresaren jarrera oso ezkorra" izan dela diote langileen ordezkariek.

Bi astetan bost greba egun eginda, greba mugagabea hasiko dute astelehenean Basarte industriaguneko Sammic lantegiko beharginek. Hitzarmen duin baten alde ari dira protestan Sammic-eko langileak, eta enpresarekin akordiorik lortu ez dutenez, greba mugagabea hasiko dute.

Sammic-en zuten hitzarmenaren epea 2017ko abenduaren 31n agortu zen, eta aste batzuk lehenago, iazko azaroan, helarazi zion Langileen Batzordeak hitzarmen berrirako proposamena zuzendaritzari. Dena den, ordutik "enpresaren jarrera oso ezkorra" izan dela diote langileen ordezkariek. Hitzarmenaz hitz egiteko eta hori negoziatzeko prest daudela adierazi dute Langileen Batzordeko kideek, baina enpresak langileen proposamenak inoiz ez dituela "serio" hartu azaldu dute. "Hori horrela izanda ere, beti hitz egiteko prest egon gara, eta oraindik ere hala gaude. Dena den, behingoagatik gure eskakizunak seriotasunez jorratu ahal izateko grebara jo behar izan dugu". Langileen ordezkariek salatu dutenez, egun hauetan mahaitik beraiek jaiki zirela entzun behar izan dute enpresaren arduradunen ahotik: "Mahatik jaiki ginen serio ez gintuztelako hartu".

Joan zen ekainaren 11n erabaki zuten Sammic-eko langileek grebara jotzea, lan hitzarmen berriaren negoziazioa ez atzera eta ez aurrera dagoelako. Babes handiarekin erabaki zuten langileek grebara jotzea; izan ere, 105 langilek eman zuten grebaren aldeko baiezko botoa, 15ek ezezkoa, eta bost boto zuri egon ziren. Lehengo astean bi egunetan egin zuten greba; aste honetan, berriz, hirutan. Enpresaren atarian izan dira beharginak egun horietan, eta elkarretaratze bana ere egin dute Azpeitiko eta Azkoitiko plazetan.