Sammic-eko langileek elkarretaratzea egin dute Azkoitian, bosgarren greba egunean

Uztarria.eus 2018ko eka. 28a, 15:46

Gaur, osteguna, ere greba eguna dute Sammic enpresako langileek, eta dozenaka beharginek elkarretaratzea egin dute eguerdian Azkoitiko plazan, Sammic hitzarmen duin baten alde lelopean –atzo Azpeitian egin zuten kontzentrazioa–. Bosgarren greba eguna dute Sammic-eko langileek, eta Basarte industriaguneko lantegiaren aurrean izan dira langileak goizean.

Hitzarmen duin baten alde ari dira protestan Sammic-eko langileak azken egunotan; izan ere, aurretik zuten hitzarmenaren epea 2017ko abenduaren 31n agortu zen. Aste batzuk lehenago, iazko azaroan, helarazi zion langileen batzordeak hitzarmen berrirako proposamena zuzendaritzari, baina ordutik "enpresaren jarrera oso ezkorra" izan dela diote langileen ordezkariek. Hitzarmenaz hitz egiteko eta hori negoziatzeko prest daudela adierazi dute Langileen Batzordeko kideek, baina enpresak langileen proposamenak inoiz ez dituela "serio" hartu azaldu dute. "Hori horrela izanda ere, beti hitz egiteko prest egon gara, eta oraindik ere hala gaude. Dena den, behingoagatik gure eskakizunak seriotasunez jorratu ahal izateko grebara jo behar izan dugu”. Langileen ordezkariek salatu dutenez, egun hauetan mahaitik beraiek jaiki zirela entzun behar izan dute enpresaren arduradunen ahotik: “Mahatik jaiki ginen serio ez gintuztelako hartu".

Joan zen ekainaren 11n erabaki zuten Sammic-eko langileek grebara jotzea, lan hitzarmen berriaren negoziazioa ez atzera eta ez aurrera dagoelako. Babes handiarekin erabaki zuten langileek grebara jotzea; izan ere, 105 langilek eman zuten grebaren aldeko baiezko botoa, 15ek ezezkoa, eta bost boto zuri egon ziren. Lehengo astean bi egunetan egin zuten greba; aste honetan, berriz, hirutan. Egunotan egoera bideratzen ez bada, datorren astelehenetik aurrera greba mugagabera joko dute.