Martxan dira Urrestillarako bidegorriaren lehen faseko obrak

Uztarria.eus | Hirigintza
2018ko mai. 4a, 15:26

Joan den astean hasi ziren kiroldegi aurretik Atxubiagako biribilgunera arteko zatia egiten; lanak hiru hilabetez luzatuko direla aurreikusi du Udalak. Bigarren fasea, biribilgunetik Urrestilla arteko zatiari dagokiona, ondoren etorriko da.

Eneko Etxeberria eta Aitor Bereziartua, gaur, bidegorriaren lanak egiten ari diren gunean.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Martxan dira Azpeitia eta Urrestilla lotuko dituen bidegorriaren obrak. Joan den astean hasi zituzten lanak Landetako Atxubiaga kalean, Sammic enpresaren garai bateko egoitzaren parean. Gaur, toki berean azaldu dituzte lanen nondik norakoak Eneko Etxeberria alkateak eta Aitor Bereziartua zinegotziak.

Joan den azaroan, Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bidegorria egiteko hitzarmena aurkeztu zutenean, azaldu zuten obrak bi fasetan egingo zituztela. Hain zuzen ere, lehen faseari dagozkion lanak dira hasi berri dituztenak. Kiroldegia eta Atxubiagako biribilgunea lotuko dituen bidegorri zatia eraikiko dute lehen fase horretan. Etxeberriak azaldu duenez, "hiru hilabeteko epea" izango dute lanek, eta 195.539,90 euroko aurrekontua. Alkateak "Landetako fasea" izendatu duen lanen hasierako zati hori Udalak osorik hartuko du bere gain; Aldundiarekin lortutako hitzarmenetik kanpo dago, eta udal aurrekontuarekin finantzatuko dute.

Bata bestearen atzetik egiteko asmoa

Bigarren faseko lanak, Atxubiagako biribilgunea eta Urrestilla lotuko dituztenak, lehen fasea amaitzerako esleituta egotea nahi du Udalak. "Proiektua onartu eta izan diren alegazioak erantzuteko fasean gara, ondoren, egin behar diren lan administratiboak amaitu eta obrak hasi ahal izateko. Bi faseak bata bestearen atzetik egitea da asmoa, ahal den azkarren proiektua gauzatzeko", zehaztu du Bereziartuak. Aldundia proiektuaren tramitaziorako lurrak eskuratzeko prozesuan ari dela azaldu dute udal ordezkariek. Bidegorriaren ibilbidea gauzatu ahal izateko lurrak Udalari utziko dizkio Aldundiak; eta Udala izango da, era berean, bigarren fase horretako lanak esleituko dituena.

Etxeberriak esan du bidegorriaren bigarren fasea egiteko Aldundiarekin hitzartutako diru-laguntza "Udalaren esku" dagoela dagoeneko. 1,5 milioi euro inguruko aurrekontua dute bigarren faseko lanek, eta bederatzi hilabetean bukatzea aurreikusten du aldundiak 1.550 metroko luzera izango duen bidegorri zatia. Azpeitia eta Urrestilla lotuko dituen bidegorria "aspaldiko eskaera" dela ekarri du gogora, beste behin, alkateak.

Bidali:  

Erantzunak

Zooilogikue | 2018-05-04 : 19:19

Albiste pozgarria, beharrezkoa zen bidegorria. Hala erakutsi zuen herriak.
Bidegorriaren aldeko borrokan ibili direnak beharko lukete argazkian, eta ez diru publikoaren gestio hutsa egiten dutenak.
Laister dugu Enekoren argazkia bidegorriaren inaugurazioan. Baina lasai, bere speech-etan oroituko da eta herritarrez, baita Erasmusen daudenez ere.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu