Datorren urtean hasiko dituzte Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorria egiteko lanak

Uztarria.eus 2017ko aza. 10a, 13:42
Bidegorriaren aldeko martxa egin zuten Urrestillako eta Azpeitiko bizilagunek 2016an.

Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorria egingo dute. Gaur, ostirala, eman dute akordioaren berri Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Datorren urtean hasiko dituzte Atxubiagako biribilgunea Urrestillako sarrerarekin lotuko duen 1.550 metroko bidegorria egiteko lanak, eta bederatzi hilabetean bukatzea aurreikusten du Aldundiak. Guztira, 1,5 milioi euro inguruko aurrekontua dute lanek; Aldundiak ordainduko du zenbateko horren %75a, eta Udalak %25a.

Azpeitia eta Urrestilla lotuko duen bidegorria 2018an egiten hasteko akordioa lortu dute Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun departamenduak. Akordioaren berri eman dute gaur eguerdian udaletxean Eneko Etxeberria alkateak eta Marisol Garmendia Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko diputatuak, Iñaki Prego foru departamenduko zuzendaria eta Aitor Bereziartua zinegotzia ondoan zituztela.

Datorren urtean hasiko dituzte Atxubiagako biribilgunea Urrestillako sarrerarekin lotuko duen 1.550 metroko bidegorria egiteko lanak, eta bederatzi hilabetean bukatzea aurreikusten du Aldundiak. Akordioaren aurkezpenean esan dutenez, oraindik ez dute erabaki Landeta eta Urrestilla arteko lanak fase bakarrean ala gehiagotan lizitatuko dituzten. Bidegorria "2019. urte hasieran" bukatuta egotea espero dutela adierazi du alkateak. Guztira, 1,5 milioi euro inguruko aurrekontua dute lanek; Aldundiak ordainduko du zenbateko horren %75a, eta Udalak %25a. Lanak gauzatzea, berriz, Udalaren kontu izango da.

Urte hau bukatu aurretik lehiaketara atera nahi ditu Udalak Landeta eta Azpeitiko herrigunea lotuko dituen Azpeitia-Urrestilla bidegorri zatiaren lanak. 2017ko udal aurrekontuetan dago aurreikusita obra hori egiteko diru-poltsa, 250:000 eurokoa.

"Aspaldiko eskaera"

Bidegorria Azpeitiko eta Urrestillako bizilagunen "aspaldiko eskaera" dela gogoratu dute Etxeberriak eta Garmendiak. Pozik azaldu dira biak, eta akordioa gauzatzeko gainditu behar izan dituzten zailtasunak azpimarratu dituzte. Azpeitia eta Urrestilla arteko bizikletazkoen eta oinezkoen bidea ez dela "kapritxoa, ezta aisialdirako soilik ere" esan du alkateak, "bi herrigune handiren arteko komunikazioa hobetzeko behar-beharrezkoa" baizik.

Etxeberriak, Garmendiak bezala, proiektua egi bihurtzeko lanean aritu diren herritar eta ordezkari politiko guztien ahalegina eskertu du. Foru diputatuak gogoratu du bidegorria egiteko akordioa lotu zutela Udalak eta Aldundiak aurreko agintaldian, "baina diru partidarik ez. Orain, azkenean, badugu aurrekontua".

Bide luzearen kronologia

2015eko udaberrian hitzartu zuten Udalak eta Aldundiak bidegorria egitea; lanak urtea bukatzerako hasiko zituztela esan zuten orduan, baina ez zen halakorik gertatu. Foru hauteskundeak etorri ziren, haiekin gobernu aldaketa, eta Azpeitia-Urrestilla bidegorriaren proiektua ez zen kontuan hartu 2016ko aurrekontuetan. Mugikortasun saileko arduradunek adierazi zuten Diputazioaren aurrekontu proposamenean aurreikusita zegoela Urrestillarako bidegorriaren proiektua, eta aurrekontuak onartzeko bilkuran ikusiko zela horri buruzko azken erabakia. Foru Aldundiko iturriek esandakoaren aurrean, aldiz, 2016rako aurrekontuen zirriborroan Aldundiak Urrestillako bidegorrirako dirurik ez zuela jarri baieztatu zuen Azpeitiko Udalak.

Bidegorriaren asmoa kolokan ikusita, Urrestillako bizilagun batzuek proiektua udaberrian adostu bezala egiteko eskatuz idatzia prestatu eta Aldundian aurkeztu zuten, bi egunetan jasotako 900dik gora sinaduraren babesarekin. 2016an zehar bidegorriaren eskatzeko beste hainbat egitasmo ere gauzatu zituzten urrestildarrek; nabarmenena, iazko ekainaren 18an egin zuten martxa jendetsua.