Iñaki Errazkin auzitara eramatea salatu du 2011-2015eko Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Kontseiluak

Uztarria.eus 2017ko urr. 23a, 16:36
Diputatu Kontseiluko kide ohiak tartean Errazkin (ezkerretik bigarrena) atzo egindako agerraldian. (EH Bildu)

GHK-k hilaren 16an iragarri zuen Errazkin Ingurumen diputatu ohiaren eta Ainhoa Intxaurrandieta kontsortzioko aurreko lehendakariaren aurka joko duela, 2013an Zubietako errauste plantaren proiektua geldiarazteagatik. GHK-ren erabakiaren aurrean adostasuna erakutsi zuten EAJk eta PSE-EEk. Bi alderdi horien jarrera eta erabakia "lotsagarria" izan dela salatu dute 2011tik 2015era Foru Aldundiko Diputatu Kontseilua osatu zuten kideek, eta babesa erakutsi diote Errazkini eta Intxaurrandietari. 

2011tik 2015era Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Kontseiluko kide izen zirenek agerraldia egin zuten atzo, igandea, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohiaren eta Ainhoa Intxaurrandieta GHKko lehendakari ohiaren aurka iragarritako ekimen juridikoa salatzeko eta auzipetuei babesa erakusteko. Errazkinek eta Intxaurrandietak "erraustegia gelditzea besterik egin ez" zutela esan zuten agerraldian, eta erabaki hori "gipuzkoar guztien osasunaren alde, zorpetze ikaragarriaren aurka eta ingurumenaren defentsan" egin zutela azpimarratu zuten Diputatu Kontseiluko kide ohiek.

Duela sei urteko Udal eta Foru Hauteskundeetan Gipuzkoako udal askotan gehiengoa lortu zuen EH Bildu koalizioak, eta Foru Aldundiko Gobernua ere eskuratu zuen urte horretan. Hateskundeetan boza emanda, herritarrek koalizioaren programa politikoa babestu zutela gogorazi zuten Foru Aldundiko Diputatu Kontseiluko kide ohiek atzo: "Besteak beste, mandatu argi bat eman ziguten: erraustegia geratu eta hondakinen kudeaketarako alternatiba bat eraikitzea". Aldundian egondako lau urteetan lan hori egiten "gogoz" aritu zirela nabarmendu zuten, eta "harro" agertu ziren hondakinen kudeaketan emandako "urrats nabarmenengatik".

Gehiengo demokratikoa eskuratuta, erraustegia gelditzearen erabakia "demokratikoki" hartu zutela gaineratu zuten: "Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioan lortutako gehiengo demokratikoaren bidez, botoek emandako mandatua bete genuen: erraustegia gelditzea. Edozein erakunde demokratikotan egiten den edo egin beharko litzatekeen moduan, herritarren hitzari kasu eginez, eta haiei emandako hitza betez". Horrez gain, "erabakiak GHKren Estatutuak eta legediak ezartzen dutenaren arabera" hartu zituztela azpimarratu zuten, "inolako arau hauste edo bidegabekeriarik gabe".

Errazkinen eta Intxaurrandietaren aurka jarritako salaketaren bidez 2013an Zubietako erraustegiaren lanak gelditzeak "eragindako kalte ekonomikoa" beren gain har dezaten nahi dute GHKren gaur egungo buruek. Erraustegiaren proiektua gelditzeagatik hainbat enpresari 8,2 milioi euro ordaindu zizkiotela-eta, diputazioak eskatu die erraustegiaren proiektua gelditzeak eragindako kalte ekonomiko osoa beren gain har dezatela: diputazioaren arabera, 40 milioi eurokoak dira gastu horiek.

EAJren eta PSE-EEren erabakia

Bestalde, EAJren eta PSE-EEk GHK-k Errazkin eta Intxaurrandieta auzitara eramatearen erabakia babestu izana "lotsagarria bezain larria" dela esan zuten Diputatu Kontseiluko kide ohiek. Hori ez ezik, "zikin" jokatu izana leporatu zieten bi alderdiei, "herritarren mandatua betetzea delitutzat jo nahi izatea oso joko zikina" dela iritzita.

"Herritarren mandatuak" eragindako erabaki politikoak "zigortu" nahi izana leporatu zieten EAJri eta PSE-EEri: "Auzi honetan ez dago inongo diru lapurretarik edo bestelako interes ezkuturik. Ez dago ez ustelkeria kasu bat, inondik inora, ez dago dirua bidegabe erabiltzea, ez dago deliturik, ez dago deus, soilik aukera politiko bati bidea ixteko nahia". 

Hondakinen kudeaketan egindako lanarekin "harro" agertu ziren Diputatu Kontseiluko kide ohiak, eta nabarmendu zuten ez direla kikilduko GHK-k hartutako erabakien aurrean: "2011-2015 urte arteko Diputatu Kontseiluak, Gobernu osoak eta EH Bildu guztiak, gure proiektua lantzen eta garatzen jarraituko dugu, alternatibak eraikitzen, ziurrenik horiek aurrerantzean ere erregimenaren gustukoak izango ez diren arren". 

Azpeitiko EH Bilduk joan den urriaren 17an egin zuen agerraldia GHK-k Errazkinen eta Intxaurrandietaren aurka hartutako erabakia salatzeko. Azpeitiko koalizioko kideek "politikaren alderik miserableena" erakustea egotzi zieten PSE-EEri eta EAJri. Bestalde, GHK-k kontu auzitegian salaketa jartzea erabaki izana "politikaren alde ilunaren barruan" kokatu zuen Azpeitiko EH Bilduk: "Politika egiteagatik eta beren proiektua babesten ez duen alternatiben aldeko erabakiak hartzeagatik jo dute epaitegietara. Beraienak ez diren interesei lotuta hartutako erabakiak kriminalizatzeko nahia argi azaldu dute", esan zuten koalizioko kideek.