Errazkin eta Intxaurrandieta auzitara eramatea "larria" dela esan du Azpeitiko EH Bilduk

Uztarria.eus 2017ko urr. 17a, 20:46
Gaur egungo alkate eta zinegotziak eta IƱaki Errazkin alkate izan zeneko hainbat zinegotzik agerraldia egin dute gaur.

Azpeitiko koalizioko kideek "politikaren alderik miserableena" erakustea egotzi diete PSE-EEri eta EAJri. "Politikaren alde ilunaren barruan" kokatu dute GHK-k kontu auzitegian salaketa jartzea erabaki izana. GHK-k atzoko batzarrean erabaki zuen Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohia eta Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ren lehendakari ohia salatzea, 2013an erraustegiaren proiektua gelditzea leporatuta. 41 milioi euro eskatu dizkiete kalteengatik.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak atzoko batzarrean erabaki zuen Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohia eta Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko lehendakari ohia auzitara eramatea, 2013an Zubietako errauste plantaren proiektua geldiarazteagatik.

GHK-k atzo hartutako erabakia salatzeko, agerraldia egin dute gaur arratsaldean Azpeitiko EH Bilduko hainbat kidek. Han izan ziren, besteak beste, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Estitxu Elduaien eta Josu Labaka zinegotziak, Iñaki Errazkin Azpeitiko alkate izan zen agintaldian haren taldeko zinegotzi izan ziren Leire Lazkano eta Xanet Esnaola eta gaur egungo EH Bilduko hainbat kide.

Haien arabera, EAJk eta PSE-EEk emandako pausoa "larria" da, bi alderdi horiek GHKn duten gehiengoa baliatuta aurreko agintaldian hartutako hainbat erabakiren eta pertsonaren kontra jotzea erabaki dutelako. "Tamalez, politikaren alderik miserableena erakustea erabaki dute bi alderdi horiek", esan dute Azpeitiko EH Bilduko kideek.

Koalizioko kideek azaldu dute Errazkinek eta Intxaurrandietak "gipuzkoarren gehiengoak" bozkatutako proiektua gauzatzeko erabakiak hartu eta horiek aurrera eramateko konpromisoa hartu zutela. "Beraien proiektu izarra den erraustegia ez egiteko alternatiba bilatu nahi izan zuten, eta herritarren interes ekonomikoak eta ekologikoak kontuan izanda hartu zituzten erraustegia ez eraikitzeko erabakiak".

"Politikaren alde ilunaren barruan" kokatu dute GHK-k kontu auzitegian salaketa jartzea erabaki izana: "Politika egiteagatik eta beren proiektua babesten ez duen alternatiben aldeko erabakiak hartzeagatik jo dute epaitegietara. Beraienak ez diren interesei lotuta hartutako erabakiak kriminalizatzeko nahia argi azaldu dute", esan dute Azpeitiko koalizioko kideek.

Horrez gain, esan dute urte eta erdi edo bi urte luza daitekeela atzo abiatutako auzi bidea, eta salatu dute "berriz ere hauteskundeen bezperan etekin eta interes politikoak argi-ilun" agertzen zaizkiela. Koalizioko kideen ustez, PSE-EEk eta EAJk "ika-mika politikoen marra gorria gainditu" dute atzo hartutako erabakiarekin, "talka politikoa maila pertsonalera" eraman dutelako. "Etekin politikoak itsututa, bi pertsonaren etorkizuna hipotekatzea eta baldintzatzea nahi dute, Iñakiri eta Ainhoari ondorio pertsonal larriak sortu nahi dizkiete".

Egoeraren aurrean, Errazkini eta Intxaurrandietari "babes osoa" agertu die Azpeitiko koalizioak, eta "beraien ondoan" daudela jakinarazi diete. Gainera, gaiak "luze" joko duelakoan, Azpeitiko EH Bilduk esan du datozen hilabeteetan hainbat egitasmo politiko jarriko duela martxan herrian nahiz udalean, eta herriko eragile politikoei, sindikalei nahiz sozialei "politika egitearen defentsan" eta Errazkinen aldeko babes dinamiketan lan egiteko deia egin diete. 

"Mendeku pertsonala"

EH Bilduk ere agerradia egin du gaur goizean, eta koalizioak esan du "mendeku politikoa eta pertsonala" ikusten dituela GHK-k hartu duen erabakiaren atzean. Erabakia "oso larria" dela salatu dute; izan ere, erraustegiaren proiektua eteteko erabakia "zilegitasun osoarekin eta legea %100 beteta" hartu zutela uste du EH Bilduk. Auziak ez duela "ez hanka eta ez buru" esan du Rebaka Ubera koalizioko kideak, eta Errazkini eta Intxaurrandietari "babesa" agertu die.

Gainari lotuta, Xabier Olano EH Bilduren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak "deigarritzat" jo du auzia Espainiara bideratzea. "Auzia mahaiaren gainean du EAEko Auzitegi Gorenak, eta epaiari itxaron aurretik, Madrilera joan dira. Zinismo politikoa da".