Gaur hasiko da Inazio Uriaren hilketagatik akusatutako bi etakideren kontrako epaiketa

Uztarria.eus 2017ko mar. 28a, 11:11

Beñat Aginagalde eta Joanes Larretxea epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean. Talde terroristako kide izatea, hilketa, bahiketa, eta bestelako delituak egozten dizkiete bi akusatuei, eta fiskalak 60 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatu bakoitzarentzat. 

Gaur, martxoak 28, epaituko dituzte Inazio Uriaren hilketagatik auzipetuta dauden sei etakideetako bi, Beñat Aginagalde eta Joanes Larretxea, Espaniako Auzitegi Nazionalean, Madrilen. Fiskalak 60 urteko eta zazpi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du akusatu bakoitzarentzat. Kartzela zigorraz gain, Uriaren alargunarentzat 160.000 euroko kalte-ordaina eskatzen du fiskalak, eta seme-alabentzat 40.000 eta 80.000 eurokoak. Fiskalaren arabera, ETAko Ezuste komandoko Asti taldeko kide ziren Aginagalde eta Larretxea, eta talde terroristako kide izatea, hilketa, bahiketa, eta bestelako delituak egozten dizkiete bi akusatuei.

Dena dela, Aginagalde eta Larretxea ez dira ustez Uriaren hilketarekin lotura duten bakarrak. Izan ere, 2013an Manex Castro eta Iraitz Santa Kruz epaitu zituzten, Auzitegi Nazionalean. Castrori 44 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta Santa Kruz absolbitu egin zuten.

2008ko abenduaren 3an hil zuen ETAk Inazio Uria, Loiolan, tiroz. Altuna y Uria Azpeitiko enpresako arduradunetakoa zen eta 71 urte zituen.