Emakume izeneko aurreneko plaza, Balentina Agirre Elorzaren omenez

Uztarria.eus 2017ko urt. 28a, 14:09

Gaur, urtarrilak 28, Azpeitiko kale izendegiaren historian egun berezia da; izan ere, gaurtik aurrera emakume baten izena gehituko da kale izendegian, Balentina Agirre Elorza (Azpeitia, 1918-1987) azpeitiar emaginaren izena, hain zuzen. Joan den azaroko udalbatzarrean aho batez onartu zuten Artzubia, Jose Artetxe eta Ildefonso Gurrutxaga kaleen arteko jolas parkea dagoen plazari Balentina Agirre Elorza izena ematea, Udalak herriko memoria berreskuratzeko eta emakumeen izenak kale izendegian presentzia izateko hartutako konpromisoaren baitan, eta gaur, zapatua, egin dute plaza izendatzeko ekitaldia. Bertan izan dira, besteak beste, Agirreren senideak, udal ordezkariak eta dozenaka herritar. 

Maite Franko ipuin kontalariak eman dio hasiera ekitaldiari, Balentina Agirreren bizitzako hainbat zertzelada kontatuz. Adi-adi entzun dituzte Agirreren bizitzako pasadizoak ekitaldira bertaratu diren ehundik gora lagunek. Adorea eta kemena izan dira Frankok azpimarratu dituen bi hitz Agirreren bizitzan zehar errepasoa egitean, eta izenak izana ekarri ziola esan du, "ausarta baitzen Balentina, beldurrek ametsak galarazi ez zizkiotena". Kantu-jirako kideek jarri diote musika gaurko ekitaldiari, eta papera eskuetan eta ahotsak finduta, Konplize ditut denak abestiaren koplak abestu dituzte, Balentina Agirre Elorza plaza izendatzeko ekitaldira hurbildu diren herritarrekin batera. 

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak hartu du hitza ondoren, eta Agirreren kemena eta hezkuntzarekin eta kulturarekin zuen harremana azpimarratu ditu: "Kultura eta hezkuntza ez datoz zerutik. Horiek lortzeko urteetako formazioa behar da, eta hori da etorkizuna irabazteko modu bakarra. Balentinaren bidea ez da erraza izan, baina bidea bakarra da: hezkuntza eta kultura". Horrez gain, Eneko Etxeberriak esan du, "herriak harriz edo hormigoiz eraikitzeaz aparte, sinboloz eraikitzen badira, herri horiek "eredu" izango direla: "Herrian sinboloak badaude, horiek  baloreak dituzte, eta Balentinak zuen balorea hezkuntza da". Bestalde, Agirrek "biziari zion lotura" eta egin zituen "aldaketa txikiak" azpimarratu ditu Azpeitiko alkateak. "Balentinak intentsitate guztiarekin bizi zuen bizia, aldaketari lotutako keinu txikiak egin zituen. Madrilera joan zen, kotxean ibiltzen zen, New Yorkera joan zen, kasinora joaten zen...guztiarekin puskatzen zuen", adierazi du Etxeberriak, eta "aldaketa txikiek aldaketa izugarriak" ekartzen dituztela nabarmendu du.

Azpeitiko alkateak bere hitzartzea bukatzeko esan du, gaur jarri duten plakarekin Balentina Agirrek herritarren artean bizirik jarraituko duela: "Zorionekoak gara, Balentina bizitzari lotuta utziko dugulako. Plaza honetan batez ere umeak ibiltzen dira, eta etorkizunean gaur jarritako plaka horretara begiratuko dute, eta konturatuko dira Balentina emakume ausart bat izan zela, gauzak aldatu zituela keinu txikiekin. Balentinak gure artean bizik jarraituko du". Ondoren, Balentina Agirreren izena daraman plakari ohiala kendu diote haren senideek.

Horrez gain, Udalak Uztarria Komunikazio Taldeak 2009. urtean kaleratutako Balentina Agirreren liburuxka biografikoa banatu die ekitaldira hurbildu direnei. Olatz Prat kazetariak idatzi zuen azpeitiar emaginaren bizitza laburbiltzen duen liburuxka.

Emakumeen Mahaiak kale edo plaza bat "ondo merezita" luketen azpeitiar emakumeen zerrenda egin zuen, eta hori Udalera eraman ostean, Balentinaren izena jartzea aho batez erabaki zuten iazko azaroko udalbatzarrean EH Bilduk eta EAJk.