Valentina Agirreren biografia aurkeztu du Uztarriak

Uztarria.eus 2009ko aza. 28a, 15:11
Ainitze Agirrezabala Uztarriako kazetaria, Olatz Prat liburuaren idazlea, Migel Etxabe Valentinaren semea eta haren semea.

Migel Etxabe, Agirreren semeak azaldu duenez, "aitzindaria" izan zen beraien ama, "emakume eskuzabala eta maitakorra"

Olatz Pratek idatzi du biografia

Valentina Agirre zenaren biografia aurkeztu du Uztarria Komunikazio Taldeak gaur, larunbata. Uztarriak 2009ko martxoan hainbat azpeitiarren soslaiak egiteko proiektua jarri zuen abian eta Agirrerena proiektuko hirugarren alea da. Lehenengoa Julian Bereziartuarena izan zen eta bigarrena, berriz, Leo Etxeberriarena.

Baigera aretoan aurkeztu dute hirugarren liburuxka hau eta jende ugari bildu da bertan. Valentina Agirreren seme-alabak, beste familia kide eta lagun batzuk, eta baita Azpeitiko udal taldetako zenbait ordezkari ere.

Azpeitiko emagina izan zen Valentina Agirre eta hainbat herritar mundura ekartzen lagundu zuen emakume honek.

Olatz Prat Urola Kostako Hitza-ko kazetariak idatzi du biografia eta, berak azaldu duenez, “emakume berezia” izan zen Agirre. Uztarriak liburu hau idazteko proposamena egin zionean, “asko poztu” zela adierazi du Pratek. “Guraso eta aiton-amonak sarritan entzun nituen Agirreri buruz mintzatzen, lan asko egin zuelako herriaren alde. Kontatu didatenez, erraztasunez eta xamurtasunez laguntzen zien Agirrek emakumeei umeak erditzen”. Liburuaren egileak jakinarazi du “arantza bakar bat” gelditu zaiola: “Valentina Agirre bera ezagutzeko plazerrik eduki ez izanak ematen dit pena, baina liburu honek beregana hurbildu nau”.

Migel Etxabe, Valentina Agirreren semeak, esker oneko hitzak zuzendu dizkie Uztarriako kideei. “Aitzindaria izan zen gure ama. Familia xumea ginen gu, ikasketa handiegirik gabeak. Baina gure ama ausarta izan zen eta seme-alaboi heziketa ematen ahalegindu izan zen beti”. Etxabek azaldu duenez, ama “eskuzabala eta maitakorra” zen. “Nahiz eta, seme-alaba gehienak egun Azpeititik kanpo bizi garen, harro gaude gure amataz eta baita gure herriaz ere”.

Lehen liburua du Pratek, eta bere hitzetan, “esperientzia oso polita izan da”. Uztarriaren helburuetako bat komunikazio munduan dabiltzan azpeitiar gazteei aukera ematea da liburua idazteko.

Datorren urteari begira, liburuxka gehiago

Liburuxka biografikoen helburuak azpeitiarrak euskarazko liburuak irakurtzera bultzatzea eta ildo beretik, historiaren ondarea jasotzea dira.

Guztira, hamabi-hamalau liburuxkek osatuko dute bilduma. Dagoeneko hiru argitaratu ditu Uztarriak, eta laugarrena udaberrian aurkeztuko du: Santi Lazkano txirrindulari zenaren bizitza jasoko du Nekane Zinkunegi kazetariak.

Bazkideek etxean jaso dute dagoeneko Valentina Agirreren biografia. Erosi nahi duenak, berriz, herriko liburu dendetan eta Uztarriaren egoitzan eskuratu ahal izango du bost euroren truke.