Auzia ez artxibatzeko eta "Pasaiako sarraskia argitzeko" eskatuz kontzentrazioa deitu dute ostiralerako

Uztarria.eus 2016ko mar. 1a, 19:20

Dionisio Aizpuru Kurro-ren eta Pedro Mari Isart Pelitxo-ren familiek egin dute deialdia; plazan egingo dute elkarretaratzea, 19:00etan. Gaurko udalbatzarrean zentzu bereko mozioa landuko dute eta auziaren inguruan martxoan zehar prestatu dituzten egitasmoak "babesteko eskatuko" diete Udalean ordezkaritza duten bi alderdiei.

Auzia artxibatu ondoren, joan den zapatuan Pasaian familiek egindako agerraldian parte hartu eta gero, Pasaiako segadan hildako Dionisio Aizpuru Kurro-ren eta Pedro Mari Isart Pelitxo-ren familiek hainbat ekimen prestatu dituzte datozen egunetarako. Horien artean dago gaur, asteartea, hileroko udalbatzarrean lantzeko aurkeztu duten mozioa, "auzia ez artxibatzeko eta egia osoa jakiteko eskatuz". Era berean, auziaren inguruan martxoan zehar prestatu dituzten egitasmoak "babesteko eskatuko" diete Udalean ordezkaritza duten bi alderdiei. Tartean, auzia ez artxibatzeko eta "Pasaiako sarraskia argitzeko" eskatuz ostiralerako deitu duten elkarretaratzea babesteko; herriko plazan izango da, 19:00etan.

1984an Pasaian hil zituzten bi azpeitiarren senide eta lagunek martxora prestatu duten egitaraua zabalagoa da, ordea. Hona hemen, hitzordu guztiak:

Gaur, martxoak 1. Azpeitiko udalbatzan mozioa auzia artxibatzearen aurka eta gertaeren egia osoa jakiteko Udalaren babesa eskatuz. Bestalde, martxoaren 4an (ostirala) egingo den kontzentrazioa babesteko eskatuko zaie Udaleko alderdiei.

Martxoak 4. Kontzentrazioa Azpeitiko herriko plazan, "auzia ez artxibatu eta Pasaiako segada argitzeko eskatuz".

Martxoak 15. Datorren urterako egingo duten dokumentala aurkeztuko dute lanaren egileek eta lau hildakoen senideek.

Martxoaren 8tik 29ra. Erakusketa Azpeitiko Sanagustin kulturgunean.

Martxoak 19. 19:00etan, 32. urteurreneko ekitaldia, herriko plazan.

Martxoak 22. Lore eskaintza monolitoan.