Pasaiako segada: "Jakin dezatela egia, justizia eta erreparazioa lortu arte ez dugula etsiko"

Oarsoaldeko Hitza 2016ko ots. 27a, 17:34
Segadan hildakoen senideak, gaur, agerraldian. (OARSOALDEKO HITZA)

Pasaiako segadan hildakoen senideek –belaunaldi desberdinetakoek– agerraldia egin dute gaur goizean Pasai Donibanen, abokatuekin batera, segadaren auzia artxibatu dutelako protesta egiteko. Han izan dira, besteak beste, Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarren familietakoak.

Pasaiako segadan hildakoen senideek, bi abokaturekin batera, agerraldia egin dute gaur goizean Pasai Donibaneko Victor Hugo Etxean, segadaren auzia artxibatu dutelako protesta egiteko. "Lau familiaren hainbat belaunalditako kideak bildu gara hemen, behin-behineko artxiboa salatzeko", esan dute. "Jakin dezatela egia, justizia eta erreparazioa lortu arte ez dugula etsiko", erantsi du Miguel Castells abokatuak.

Pasaiako segada 1984ko martxoaren 22an izan zen, goizaldean. Espainiako Poliziak operazioa egin zuen Komando Autonomo Antikapitalistetako talde baten kontra. Horren ondorioz, Rafael Delas, Pedro Mari Isart Pelitxo, Dionisio Aizpuru Kurro eta Jose Mari Izura hil egin zituzten poliziek.

Agerraldian hitz egin dutenek esan dutenez, "inoiz ere ez da interesik egon gaia argitzeko", eta horren ondorioz, bertan hildakoen familiek 32 urtean "amorrua, sufrimendua eta inpotentzia" sentitu dituzte. "Ez ditugu politikariak memoriaz hitz egiten entzun nahi gu ahaztuta gauzkaten bitartean", esan dute. Auzia argitzeko gehiago egin daitekeela uste dute, eta halaxe egitea nahi dute. Auzia ixtearen kontrako errekurtsoa jarri dute. 

1984ko ekainean, epaileak itxi egin zuen Pasaiako segada argitzeko auzia behin-behinean, delitu frogarik ez zegoela argudiatuta. 2005ean zabaldu zuen berriz auzia Donostiako Lurralde Auzitegiak. Eta, orain, berriz itxi dute.

Egitarau bat aurkeztu dute.

Albiste osoa, Oarsoaldeko Hitza-ren webgunean.