Lapatxek Gipuzkoa osoko zaborrak hartzen jarraituko du, baina handitzeari uko egin dio Mankomunitateak

Uztarria.eus | Gizartea
2016ko ots. 1a, 20:03

Zabortegia ez dute otsailaren 3an itxiko gainerako bailarentzat baina, ondorioz, bizpahiru hilabetean guztiz beteko dela aurreikusten dute. Urola Erdiko Mankomunitateak gaur egin duen batzarrean, herri guztietako ordezkariek babestu dute erabakia, abstenitu egin den Beizamakoak salbu. 

Lapatxen etorkizuna bozkatu duten unea. (AZPEITIKO UDALA)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Lapatxek Gipuzkoa osoko zaborrak jasotzen jarraituko duela erabaki du Urola Erdiko Mankomunitateak, baina ezezkoa eman dio zabortegia handitzeko edota ondoan zabortegi berri bat egiteko aukerari. Ondorioz, hilabete gutxi beteko da Lapatx -Mankomunitateko teknikarien txostenetan jasotakoaren arabera- eta GHK-k beste aukera batzuk aztertu beharko ditu.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK), Lapatxek lurralde osoko hondakinak jasotzen jarraitzea eta, horretarako, zabortegia handitzea eskatu zion Urola Erdiko Mankonunitateari, mankomunitateak Azpeitiko zabortegia gainerako mankomunitateetako herrientzat otsailaren 3an itxiko zuela erabaki ondoren. Mankomunitateak, herenegun aurreratu bezala, gaur egin du GHK-ren proposamenari zer erantzun eman erabakitzeko batzarra, eta kontsortzioaren aurreneko eskaerari baiezkoa eta bigarrenari ezezkoa ematea adostu dute. Erabakia gehiengo osoz hartu dute: horren alde bozkatu dute Azpeitiko, Azkoitiko, Errezilgo, Zestoako, Aizarnazabalgo eta Bidania-Goiazko ordezkariek; Beizamakoa, berriz, abstenitu egin da.

Lapatx Gipuzkoa osoko zaborrarentzat irekita mantenduta, "hilean 15.000 tona zabor ekartzen direnez, bizpahiru hilabetean guztiz beteko da Lapatx", azaldu du Aitor Bereziartua Mankomunitatearen lehendakariak. "Azpeitiarrak, bereziki elosiagarrak, izango dira gehien sufrituko dutenak, eta hori ulertzea eskatzen dugu", gaineratu du. Lapatx Urola Erdiko Mankomunitatetik kanpoko herrientzat irekita mantentzearekin, "Mankomunitateak berriz ere elkartasuna erakutsiko die gipuzkoarrei eta Lapatxeko zabortegia guztiz bete arte zaborra ekartzen jarraitu ahalko du GHK-k", nabarmendu du Bereziartuak, solidaritate eza egotzi dietenei erantzunez: "Orain Mankomunitateak berarentzat irtenbidea izateko aukera zuen, 35.000-40.000 metro kubiko inguruko lekua du Lapatxek eta, bertan gure herrietako zaborrak soilik isuri ezkero, urte batzuetarako bizitza. Gu geure zerbitzu gabe geratuko gara, zabortegirik gabe eta gure zaborra kudeatzeko espaziorik gabe. Ezin dugu elkartasun gehiago erakutsi".

2009ko hitzarmena betetzeko eskaera

GHK-k Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko dituen "alternatibak prestatzeko denbora eskatu" dio Urola Erdiko Mankomunitateari, Bereziartuaren arabera, eta hartutako erabakiarekin denbora hori errazten diotela iritzi du Mankomunitatearen lehendakariak. Alternatiba ez da izango, ordea, Lapatx handitzea, GHK-k eta Diputazioak nahi zuten bezala. Aitor Bereziartuak zehaztu duenez, "Lapatx berri bat egitea, ia 200.000 metro kubikoko lekua prestatuz" eskatzen zioten Mankomunitateari, eta gaurko batzarrean aukera horri uko egin diote. Lapatx ez handitzearen kontra GHK-n "epaibideak aztertzen ari direla" irakurri dutela ere esan du Bereziartuak: "Ezin dugu onartu, are gutxiago hainbeste alternatiba daudenean".

Baina Mankomunitateak ere baditu eskaerak GHK-rentzat. Hain zuzen ere, "2009ko hitzarmenean jasotakoa betetzea" eskatu du Bereziartua lehendakariak. Gogoratu du, Donostialdeko zaborrak hartzen zituen San Markoko zabortegia ixtearekin sinatu zutela hitzarmena, San Marko mankomunitatearen zaborren zati bat Lapatxen jasotzearen truke. San Marko aipatuta, gogora ekarri du hura ixteko arrazoia ez zela edukiera falta izan, "jendearen protestak baizik. Erabaki politikoa izan zen. Guri elkartasuna eskatzen digute, baina badirudi ahaztu zaiela San Marko itxi zutenean, oraindik 20 edo 30 urtez zaborra jasotzen jarraitzeko lekua zuela".

Lapatxen 375.000 tona hondakin hartzea -"eta gerora horiei beste 165.000 gehitu zaizkie"-, konpostatze planta bat egitea eta, Lapatx ixten zenerako, transferentzia zentro deritzona prestatzea hitzartu zuen orduan Urola Erdiko Mankomunitateak GHK-rekin. "Eta GHK izan da hitzartutakoa bete ez duena", esan du Bereziartuak: "Konpostatze planta egin, egin zuten, baina ez agindutako baldintza teknikoekin, eta hortik etorri dira gero pilaketak, usain txarrak eta arazoak", adierazi du. Transferentzia zentroetan, berriz, zonalde bakoitzean -kasu honetan Urola Erdian- jasotako hondakin guztiak pilatzen dira, gero GHK-k handik jaso eta dagokion tokira garraiatzeko; gaur egun, Lapatxera beste mankomunitateetatik iristen diren hondakinak horrelako guneetatik ekartzen dituzte. Ez Lapatxen, ez Urola Erdiko Mankomunitateko beste herrietan, ez da halakorik, eta Lapatx itxi aurretik egitea eskatu du Bereziartuak.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu