Lapatxeko zabortegiarekin zer egin astelehenean erabakiko du Urola Erdiko Mankomunitateak

Uztarria.eus 2016ko urt. 30a, 16:19

Mankomunitateko udalerrietako ordezkariek erabaki beharko dute Lapatxek bailaratik kanpoko udalerrientzat irekita jarraituko duen edo ez. Astelehenean, otsailaren 1ean, bilduko dira erabakia hartzeko, 19:00etan.

Urola Erdiko Mankomunitateak jakinarazi duenez, batzordea osatzen duten Azpeitia, Azkoitia, Errezil, Zestoa, Beizama, Aizarnazabal eta Bidani-Goiazko ordezkariekin batzarra egingo du astelehenean, otsailaren 1ean, 19:00etan. Batzar horretan "bereziki" Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) Lapatxeko zabortegiaz egin duen eskaerari erantzuna emango zaiola adierazi du Urola Erdiko Mankomunitateak.

Horrez gain, azaldu du, azaroaren 3an Mankomunitateko Batzordeak "aho batez" erabaki zuela 2016ko otsailaren 3tik aurrera Gipuzkoako gainerako herrietako zaborra jasotzeari uko egin behar ziola, "Mankomunitateko teknikoen txostenek ziotelako horrela jarraituz gero Mankomunitateko udalerriek ezingo zutela euren zaborra bertan isuri".

GHK-k "erabaki hori bertan behera uzteko" eskatu diola adierazi du Urola Erdiko Mankomunitateak, eta "beste eskakizun batzuen artean", Gipuzkoa osoko zaborra jasotzen jarrai dezala ere eskatu diola.

Bestalde, Mankomunitateak azaldu du "batzarkideek erabaki beharko" dutela azaroaren 3an erabakitakoari eusten dioten edo "gainerako gipuzkoarrek sortzen duten zaborra onartzen jarraitzen duten". Horrez gain, azaldu dute, azken aukera horri "men egingo baliote, zabortegiak duen kapazitatea kontuan hartuta, aurreikus daiteke hiruzpalau hilabetetan zabortegiak gainezka egingo duela eta Mankomunitatea osatzen duten udalerriek ez dutela euren hondakinak isurtzeko tokirik izango". 

Lapatxen etorkizunaren inguruan akordiorik lortu ezean, otsailaren 3a jarri zuen azken epe bezala Urola Erdiko Mankomunitateak, azaroaren 3an zuzendaritza batzordean onartuta.