Azpeitia babes herria izango da Siriako errefuxiatuentzat

Uztarria.eus 2015ko ira. 9a, 17:27

Iraileko bilkuran aho batez onartu du erabakia Udalbatzak, adierazpen instituzional bidez. Herritarrekin bilera irekia antolatuko du Udalak datozen egunetan, babes herri gisa zer egin eta nola jokatu aztertu eta ekarpenak jasotzeko.

Siriatik ihesean ateratzen ari diren errefuxiatuak hartzeko eta laguntzeko babes herria izango da Azpeitia. Horrela erabaki zuen Udalbatzak, aho batez, atzo egindako bilkuran. EH Bilduk eta EAJk elkarrekin adostutako adierazpen instituzionala mozio bidez aurkeztu eta onartuta hartu dute, hain zuzen ere, erabakia.

Siriako eta gerrako errefuxiatuei laguntzeko pausoak aztertu ondoren, Azpeitiko Udala Euskal Herriko beste udal eta erakundeekin harremanetan jarri da modu koordinatuan lan egiteko. "Azpeitiko Udalak eman nahi duen laguntza erreala izan dadin nahi dugu. Gure herria bakarrik alferrik ari dela badakigu, eta beste erekundeekin lan egin eta adostasun zabalak lortu beharko ditugu", agertu du Ainhoa Beristain Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, joan den astean egindako adierazpenak berretsiz.

Era berean, herritarrekin bilera irekia antolatuko du Udalak datozen egunetan, babes herri gisa zer egin eta nola jokatu aztertu eta ekarpenak jasotzeko.

Adierazpen instituzionala

Hau da Udalbatzak onartutako adierazpena:

"Gerra eta gosetik ihesi datozen errefuxiatuen gaia benetan konplexua da, baina edozein herritarrek dituzten giza eskubideak edozein egoeratan errespetatu behar dira. Horregatik, guri dagokigunean, ezin ditugu alanbreak, hesiak eta poliziak erabiliz erantzun. Azpeitiko Udalak elkartasuna erakutsi behar du eta beste hainbat udalekin eta erakunderekin bat egitea nahi du, denon artean koordinatuz babes-herri udal sare bat antolatuz.

Honengatik guztiarengatik, Azpeitiko Udalari ondoko oinarrietan elkartasuna adierazteko eskaera luzatzen diogu:

  1. Europar Batasuneko estatuetako agintariei krisi humanitario honi justiziaz eta elkartasunez erantzuteko eskatzen diegu, errefuxiatuentzako bitartekoak jarriz eta ateak ez itxiz.
  2. Neurri berdinean, Euskal Herriko beste udal eta erakundeekin modu koordinatuan lan egiteko konpromisoa hartzen du Azpeitiko Udalak, errefuxiatu hauei laguntzeko bere bitartekoak jarriz.
  3. Ondorioz, Azpeitiak Siriako eta beste herrialde batzuetako gatazka politiko eta militarretatik ihes egiten duten errefuxiatuei laguntzeko prestutasuna adierazten dugu, konpromiso bera duten beste udalekin eta erakundeekin, eta herritarrekin, lan eginez gure baliabideen baitan, denok batera tragedia honi aurre egiteko, modu integralean eta neurri zehatzak hartuaz".