Siriako eta gerrako errefuxiatuei laguntzeko pausoak aztertzen ari da Udala

Uztarria.eus 2015ko ira. 3a, 20:41

"Ez dugu pauso faltsurik eman nahi, eta gutxiago edukirik gabeko adierazpenak egin", azaldu du Ainhoa Beristain Azpeitiko Udaleko Gizarte arloko zinegotziak. Dena den, Azpeitiko Udala beste udal eta erakunde batzuekin jarri dela harremanetan adierazi eta, egoera konplexua denez, "egoera aztertzen" ari direla esan du.

Azken orduetan Euskal Herriko hainbat udalek eskaini die babesa Siriako errefuxiatuei. Bide horretan, Ainhoa Beristain gizarte arloko zinegotziak jakinarazi du, "Siriako eta gerrako errefuxiatuei laguntzeko pausoak aztertzen" ari dela Azpeitiko Udala. Beristainek Uztarria.eus-i adierazi dionez, "beste udal eta erakunde batzuekin jarri da harremanetan Azpeitiko Udala, eta egoera aztertzen ari gara, sortutako egoera konplexua baita".

"Ez dugu pauso faltsurik eman nahi, eta gutxiago edukirik gabeko adierazpenak egin", gaineratu du Gizarte arloko zinegotziak: "Azpeitiko Udalak eman nahi duen laguntza erreala izan dadin nahi dugu. Gure herria bakarrik alferrik ari dela badakigu, eta beste erekundeekin lan egin eta adostasun zabalak lortu beharko ditugu". Aitzitik, "ezin dugu beste aldera begiratu" esan du Beristainek, eta "gerra eta gosetik ihesi datozen errefuxiatuak eskubideen jabe" direla nabarmendu du. Horrez gain, giza eskubideak "egoera guztietan errespetatu" behar direla esan du: "Denon ahotan ditugu giza-eskubideak, bizitza duina izateko eskubidea, bizitza eskubidea, lan egitekoa... Eta, horregatik, errefuxiatu hauen eskubideak urratzen direnean beste aldera ezin da begiratu. Dagokigunean, ezin dugu alanbreak, hesiak eta polizia erabiliz erantzun".

Ainhoa Beristainek jakinarazi duenez, Azpeitiko Udalak ez du Siria laguntzeko eskaera zuzenik jaso. Dena den, "Sahara, Tibet edota hirugarren munduko herrialdeak laguntzeko aurrekontuaren %0,7 bideratuz", errefuxiatuei laguntzeko "asmo irmoa" azaldu du, "beti ere, laguntza egokiena zein den aztertuz handiena".