"Egoeraren zentzugabekeria" salatu du Eneko Ibargurenek Intxaurrondotik aterata

Uztarria.eus | Politika
2015ko urt. 14a, 18:35

Langileen aurkako delitua egotzita deituta, Intxaurrondoko Guardia Zibilaren koartelean izan da arratsaldean azpeitiarra, 2013ko Herrira-ren kontrako sarekadan atxilotutako gainerako gipuzkoarrak bezala. Guardia zibilen galderak ez dituzte erantzun. Egin dizkieten galderek "ez daude akusazioarekin lotuta", dio Ibargurenek, "atxilotu gintuztenean egin zizkiguten galdera berdinak izan dira". Beraien abokatuak atxilotu dituzten astean etorri zaie Herrira-ren sarekadakoei akusazio berria.

Eneko Ibarguren azpeitiarra Intxaurrondoko koartelean izan da arratsaldean, goizean Guardia Zibilak deklaratzera deitu ondoren. Langileen aurkako delitua egotzita deitu dituzte Ibarguren eta harekin batera 2013an Herrira-ren kontrako sarekadan atxilotutakoak, baina guardia zibilek bestelako galderak egin dizkietela adierazi du azpeitiarrak. "Herrira-koak al garen, noiztik eta Herrira-n zer ardura dugun edo izan dugun galdetu digute". Konfiantzazko abokatuak lagunduta agertu da Intxaurrondon Ibarguren, baina ez bere orain arteko abokatuarekin, asteleheneko operazioan atxilotutakoen artean dagoelako.

Guardia zibilek egindako galderei ez diete erantzun Ibargurenek eta gainerakoek, "epailearen aurrean soilik" erantzungo dutela esan diete. "Beraiek [Guardia Zibilak] ez daukatela instrukzioa esan digute, Auzitegi Nazionalarena dela, eta Herrira-ren eta abokatuen kontrako operazioarekin lotuta dagoela", azaldu du azpeitiarrak. Ibargurenek "egoeraren zentzugabekeria" nabarmendu du: "Akusazioa delitu ekonomikoa eta langileen aurkakoa bada, egin dizkiguten galderak ez dira logikoak. Ez daude akusazioarekin lotuta, atxilotu gintuztenean egin zizkiguten galdera berdinak izan dira. Bi astean behin joaten gara epaitegira, sinatzera. Eta justu gure abokatuak atxilotu dituztenean deitzen gaituzte guardia zibilek. Horrek guztiak erakusten du egoeraren zentzugabekeria".

Ildo beretik, Herrira-ko jendearen lana "akusazio berriak dioenaren justu kontrakoa" dela adierazi du Eneko Ibargurenek. "Presoen eskubideen defentsan eta indefentsioan dauden pertsonei laguntzeko egin dugu lana. Lasai esan dezakegu hori", gaineratu du.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu