Eneko Ibarguren deklaratzera deitu du Guardia Zibilak, "langileen aurkako delitua" leporatuta

Uztarria.eus 2015ko urt. 14a, 14:15

2013ko irailaren 30ean Herrira-ren kontrako sarekadan auzipetuta dago Ibarguren. Guardia Zibilaren koarteletik deitu dituzte deklaratzera, "langileen kontrako delitua" leporatuta. Gaur 17:00etan deklaratuko du Ibargurenek Guardia Zibilak Donostiako Intxaurrondo auzoan duen koartelean. Herrira-ren aurkako operazioko abokatuak atxilotuta dituzte Madrilen, eta beste abokatu batzuekin joan beharko dute Intxaurrondora.

2013ko irailaren 30ean Herrira-ren kontrako sarekadan auzipetutako batzuei, tartean Eneko Ibarguren azpeitiarrari, beste delitu bat leporatu diete: langileen aurkako delitua. Guardia Zibilak deitu ditu auzipetuak gaur goizean, eta gaur eta bihar Intxaurrondoko koartelean deklaratu beharko dute. 

Ibargurenek Uztarria.com-i azaldu dionez gaur, asteazkena, 17:00etan joan beharko du deklaratzera Guardia Zibilak Donostiako Intxaurrondo auzoan duen koartelera. "Langileen aurkako delitua leporatu digute, baina ez dakit zer esan nahi duten horrekin. Niri ez didate esan, baina Herrira-ren aurkako operazioan atxilotutako beste kide batzuei esan diete abokatuen atxiloketekin zer ikusia dutela zitazioek", azaldu du Ibargurenek.

Herrira-ren aurkako auzian, Ibargurenen eta gainerako auzipetuen abokatuak direnak aste honetan atxilotu dituzte, eta nahiz eta horietako batzuk aske utzi dituzten dagoeneko, beste abokatu batzuekin joan beharko dute Intxaurrondora.

18 lagun atxilotuta

Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta atxilotu zituen 18 lagunak Guardia Zibilak 2013ko irailaren 30ean, eta urriaren 3an utzi zituzten aske. Herrira-ren jarduera bi urterako debekatzea ekarri zuen operazioak. Herrira-ko kide izanda "erakunde terroristako kide" izatea egozten zieten guztiei, baita "erakunde armatua finantzatzea" ere. Hori argudiatzeko, legez kanporatuta dauden Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren "oinordekotzat" jotzen zuen Herrira epaileak. Gainera, esaten zuen "terrorismoa goratu" dutela kaleratutako euskal presoen ongietorriak antolatuta. Epailearen aurrean deklaratu duten hamalau atxilotuek leporatzen dizkieten delitu guztiak ukatu dituzte.

Herrira-ren aurkako operazioa salatzeko mobilizazioek babes zabala jaso zuten herrian. Hala nola, mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuen hainbat herritarrek eta ehunka lagunek hartu zuten parte Ibargurenen atxiloketa salatzeko egindako elkarretaratzean.