"Lan baldintza duinen alde", kalera

Uztarria.eus 2013ko aza. 29a, 11:15

Urolako LAB sindikatuak deituta, mobilizazioak egin zituzten atzo, osteguna, eskualdeko hainbat lekutan. Goizean, herrialdetako hitzarmenaren alde elkarretaratzeak izan ziren zenbait enpresen atarian. Enplegua, "lan baldintza duinak" eta egungo egoerari aurre egiteko "lan harreman eredu berria" aldarrikatzeko protestekin jarraitu zuten arratsaldean; langile ugarik egin zuten bat mobilizazioarekin, eta Zestoatik Azpeitira oinezko martxa egin zuten. Han izan ziren, besteak beste, Grumaleko, TS Fundicioneseko, Corrugados Lasaoko eta Corrugados Azpeitiako langileak. Ondoren, elkarretaratzeak egin zituzten Azpeitian eta Zarautzen. Bihar, berriz, herrialde mailako manifestazioa egingo dute Donostian, 17:30ean, Bulebarretik hasita.