LABek "enplegu eta lan baldintza duinen alde", mobilizazioak iragarri ditu datorren asterako

Uztarria.eus 2013ko aza. 22a, 14:22
Sarralle lantegiaren aurrean egin dute elkarretaratzea LABeko ordezkari eta langileek.

Mobilizazio horiek azaroaren 28an eta 30ean egingo dituzte. Horrez gain, LABeko langile eta ordezkariek Sarralle enpresaren aurrean egin dute gaurko elkarretaratzea, "enpresa langileei inposatu nahian dabilen 200 ordu gehiagoko lanaldia eta soldata %15 gutxitzea salatzeko".

LAB sindikatuak enplegu eta lan baldintza duinen alde, mobilizazioak iragarri ditu eskualdean, azaroaren 28rako eta 30erako. Mobilizazio horien bitartez, "salaketa bikoitza" egin nahi izan dute; batetik, "langabezia maila onartezina" eta bestetik Patronalak eta zenbait enpresarik "orain arteko lan baldintzak suntsitzeko duten estrategia garbia". Horren adibide dira, LABen arabera, Urola Kostan 4.470 langabetu egotea eta kopuru horrek gora egiten jarraitzeko aukera izatea, zein "itxi gabeko" zenbait gatazka edukitzea. Hala nola, Corrugados Azpeitiakoa, Corrugados Lasaokoa, TS Fundicionesekoa, Zestoa bainuetxekoa... "Kontuan izan behar da, gainera, Fagor etxetresnaken itxieraren eragina ikusteko dagoela bere osotasunean", azaldu dute.

Mobilizazioak iragarri dituzte azaroaren 28rako, osteguna, eta 30erako, zapatua. Mobilizazio horiekin "enpleguaren suntsiketa salatu eta lan baldintza duinak aldarrikatzeaz gain, langabeziaren arrazoiak ere salatu" nahi dituzte: "besteak beste, negoziazio kolektiboaren suntsiketa, lan orduen hazkundea, malgutasuna areagotzea eta soldaten murrizketa". Egoera "oso larria" dela esan dute LABeko ordezkariek, eta "larritasun horren tamainako erantzuna ematea lantoki bakoitzeko borrokatik haratago eramatea ezinbestekoa" dela azaldu dute: "gatazkak herriratu, elkartasuna handitu eta mobilizazio sozialaren bitartez instituzioak orain arteko politikak aldatzera behartuko dituen presio soziala areagotzea ezinbestekoa da".

Azaroaren 28an, goizean, eskualdeko enpresetan elkarretaratzeak egingo dituzte, "herrialdeko hitzarmenaren alde". Arratsaldean, berriz, Zestoa eta Azpeitia artean oinezko martxa egingo dute. 16:00etan abiatuko dira Zestoako Gurutzetik, eta Azpeitira iritsitakoan elkarretaratzea egingo dute udaletxe aurrean, 18:30ak bitartean. Horrez gain, eskualdeko kostako herrietan auto karabana egingo dute, eta Zarautzen elkarretaratzea, ondoren. Azaroaren 30ean, berriz, manifestazioa egingo dute Donostian, 17:30ean, Bulebarretik abiatuta.

Sarralleko egoera salatuz

LABeko langile eta ordezkariek Sarralle enpresaren aurrean egin dute gaurko, ostirala, elkarretaratzea, "enpresa langileei inposatu nahian dabilen 200 ordu gehiagoko lanaldia eta soldata %15 gutxitzea salatzeko". LABeko ordezkarien arabera, "proposamena bera astakeria hutsa" da: "Neurriok bezain larria iruditzen zaigu enpresa horiek inposatzeko erabiltzen ari den modua. Legeak aurreikusten dituen formalitate guztiak alde batera utzi eta langileen ordezkariekin negoziaketarako proposamena egin beharrean, horiei ezer aurkeztu gabe eta albo batera utzita, langileengana, banan-banan, jo baitute zuzenean. Presio izugarria egin diete langileei, neurri horiek sinadura bidez onar ditzaten". Salaketa horien ondotik, "langileenganako horrelako presio eta inposiziorik ez" dutela onartuko jakinarazi dute LABekoek, eta "egoerari aurre egiteko" euren esku dituzten "bitarteko guztiak" erabiliko dituztela gaineratu dute.