Atzeratu egin dute Mondragonek, Fagorrek eta instituzioek arratsaldeko bilera

Berria.info, Uztarria.com 2013ko aza. 4a, 13:00

Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria ere bileran parte hartzekoa zen, baina Mondragonek ezin duela joan esan du. Grumal enpresako langileek beren egoera salatuko dute bihartik aurrera egingo dituzten mobilizazioetan. Besteak beste, bihar, asteartea, kontzentrazioa egingo dute Lagun Aro eta Laboral Kutxaren egoitzaren aurrean, Artzubian, 12:00etan hasita. Azken ordukoa (13:15): Mondragon taldearen, erakundeen eta alkateen arteko bilera asteazkenean izango da Lakuan, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, 15:00etatik aurrera.

Fagor Etxetresnak aste erabakiorra du aurretik, hartzekodunen konkurtsora bidean. Bien bitartean, Mondragon taldea, Fagor Etxetresnak bera, Jaurlaritza, Diputazioa eta Debagoieneko alkateek eta Azpeitikoak enpresaren krisiak ahalik eta kalte gutxien egin dezan bideak aztertzen hastekotan ziren gaur, astelehena, arratsaldean, baina Mondragonek ezin duela joan esan du. Egoera "larria" dela-eta alde guztiek bilera egiteko beste data bat jarri dute. Horrenbestez, etzi, asteazkena, izango da bilera Lakuan, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, 15:00etan hasita.

Arantza Tapia Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburuak bilera egin aurretik esana du "errudunak" bilatzen hasi beharrean "irtenbideak" aurkitzeko unea heldu dela, eta Jaurlaritzak enpresarekin bat egingo duela lan, agertoki "larri eta konplexuari" irtenbidea ematen saiatzeko. 

Fagorrek asteburuan esan duenez, "erlojupean" ari da lanean, eta dirua lortzen saiatzen ari da, baina onartua dauka "oso zaila" dela lortzea, eta bitartean jarduera guztia geldirik eduki. Astebetean argiturik beharko luke bideak. 

Azpeitiko Grumal enpresako langileek ere beren egoera salatuko dute bihartik aurrera hainbat mobilizazioren bidez. Kontzentrazioa egingo dute bihar Lagun Aro eta Laboral Kutxaren egoitzaren aurrean, Artzubian, 12:00etatik aurrera. Enpresaren akzionista eta kudeatzaile bakarra da Fagor, eta Grumalek ez du kooperatiba izaerik, baina langileen herena "behin-behineko bazkide" gisara ari da lanean Mondragon taldeko hainbat enpresatan. 150 langile dauzka Grumalek.

Azpeitiko Udalak Grumalen etorkizunaz "oso kezkatuta" dagoela adierazi zuen ostegunean, hedabideetara bidalitako prentsa oharrean.