Grumalen etorkizunaz "oso kezkatuta" dago Udala

Uztarria.eus 2013ko urr. 31a, 19:13

Fagor Etxetresnak da Azpeitiko enpresaren jabea. Ohar bidez, "enpresaren etorkizunaren inguruko informaziorik ez" duela azaldu du Udalak eta, horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Debagoienako alkateek MCCri eta Jaurlaritzari eskatu dioten bileran parte hartuko duela, astelehenean.

Fagor Etxetresnak ixteko zorian dago eta horrek eragin zuzena izan dezake Azpeitian ere. Herriko Grumal enpresaren jabea da Fagor Etxetresnak eta, enpresak berak eta hango ordezkariek gaiaren gainean adierazpenik egin ez badute ere, kezka hedatuta zegoen. Gaur, osteguna, Udala izan da bere kezka azaldu duena. Grumal enpresaren etorkizunaz "oso kezkatuta" dagoela jakinarazi du, arratsaldean komunikabideetara bidali duen oharrean.

Eneko Etxeberria alkatea eta Iñaki Portilla Industria zinegotzia atzo Arrasaten izan zirela jakinarazi du Udalak, Fagor Etxetresnak Kooperatibaren gainean Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Debagoieneko alkateek egin zuten bileran. "Udalak duen informazioaren arabera, Grumalek 149 langile ditu, eta horietatik 54 MCCko beste kooperatibatan aldi baterako ari dira lanean. Udalak jakin duenez, enpresa konkurtsoa aurkeztea aztertzen ari da eta une honetan aurre-konkurtsoa aurkeztuta dauka". Gaur egun Fagor Etxekotresnak Kooperatibak eskualdean 59 laguni ematen die lana, eta horietatik 37 Azpeitian bizi dira, Udalak emandako datuen arabera.

Dena den, "enpresaren etorkizunaren inguruko informaziorik ez" duela azaldu du Udalak eta, horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Debagoieneko alkateek MCCri eta Jaurlaritzari eskatu dioten bileran parte hartuko duela, astelehenean.

"Grumalen aldeko apustua egiteko" eskatu die Udalak oharrean enpresaren arduradunei eta agente guztiei, "eta, kooperatibako beste guztiei bezala, langileen enpleguaren aldeko neurriak hartzeko eskatu nahi die, kasu guztietan". Udal Gobernuaren iritziz, bestalde, "kritika puntualetik haratago, inola ere kooperatibismoaren porrota ez da irudikatu behar egoera honetan, etorkizuna kooperatibismoan oraindik gehiago sakontzea izan behar luke".

Krisiaren eragina jasaten ari diren langile eta herritarrei "elkartasuna" adieraziz bukatu du oharra Azpeitiko Udalak.