Maddalen Iriarte: "Kazetarien lana da boterea, edozein dela ere, auzitan jartzea eta hark esandakoa kontrastatzea"

Uztarria.eus | Komunikabideak
2013ko uzt. 10a, 10:01

Atzo, asteartea, hirurogei bat lagun bertaratu ziren Sanagustin kulturgunera, Maddalen Iriarte eta Eider Alkortaren arteko solasaldiaz gozatzera. Azpimarra saioaz, kazetaritzaz, "marra gorriez", telebistan lan egiten duten emakumeez eta pertsonaia publiko izateaz jardun zuten, besteak beste. Hurrengo Aho bizarrik gabe solasaldia udazkenean izango da.

Atzoko solasaldiko une bat.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Kanpoko eguraldi eguzkitsua alde batera utzi, eta 60 bat lagun bertaratu ziren atzo, asteartea, Sanagustin kulturgunera Maddalen Iriarte eta Eider Alkora aho bizarrik gabe entzutera. Bati baino gehiagori ezagun egingo zitzaion bi protagonistak oholtzan batera ikustea. Rolak aldatuta bada ere, sarritan agertzen baitira Iriarte eta Alkorta pantaila txikian, Azpimarra saioan.

Elkarrizketak ematea "deserosoa" zaiola esan zuen solasaldiaren hasieran Iriartek. "Nire lanak egin nau publiko, baina horrek ez nau beste edonor, hemengo edozein (ikusleei erreferentzia eginez), baino garrantzitsuago egiten. Esan nahi dudana da ez daukadala aparteko ezer esateko, eta ez duela beste edonorenak baino gehiago balio nik esandakoak". Gainera, komunikabideek eskatutako zenbait elkarrizketari ezetz esan izan diola aitortu zuen, "esperientzia ez hain onak" izan dituelako.

Egun, 'Azpimarra'-n

Azpimarra saioaren aurkezlea da Iriarte, baina hastapenetan Donostiako Herri Irratian aritutakoa da. Azken hiru urte eta erdian, ordea, "EITBn ordura arte egin ez zen saioko" zuzendaria eta aurkezlea da: "Lortu da lehen aurretik egin gabeko saioa egitea. Talde berri batekin hasi ginen lanean, kolaboratzaile berriekin. Erreferentzialtasuna lortu du bai saioak eta bai zuek (Alkorta Azpimarra-ko kolaboratzaileari zuzenduaz), eta marka, izena, ere ezaguna egin da. Eguneko aktualitatea lantzen dugu, iritzi aniztasunarekin".

Azpimarra-ren etorkizuna momentuz "ona" dela esan zuen. Izan ere, datorren ikasturtean, iraletik aurrera, ere martxan segiko du saioak: "Hastapenetan 20 minutuko saioa zen, eta datorren denboraldian 45 minutu ingurukoa izango da. Horrek eskatzen du, kolaboratzaile sarea handitzea, iritzi aniztasuna behar da-eta".

Azpimarra-n lanean hasi aurrretik albistegietan aurkezle aritutakoa da Iriarte, eta bi saioak "desberdinak" direla argi dauka: "Orain, batzuetan, deabruaren abokatuarena egin behar izaten dut. Iritzi batzuk mahaigaineratu, nahiz eta nik ez hala pentsatu. Kontua da ez dagoela pertsona neutro edo neutralik. Ezinezkoa da neutrala izatea. Edozeinek du pentsaera eta abiapuntua".

Iritziari lotuta, Azpimarrako kolaboratzaileekin "arazorik ez" duela izan aitortu zuen, baina elkarrizketatzaileren batek edo bestek "zerbait esan" izan dio "gogorregia" delako: "Denekin egur maila berdina izan behar da, eta gogorrago izan nintekeen".

Neutraltasuna eta objetibotasuna

Neutraltasunaren karietara, "objetibotasunik ez dela existitzen" esan zuen Iriartek. Iritziak "ikuspuntu desberdinetatik" enfokatzen eta "iritzi desberdinak kontrastatzea" da gakoa: "Kazetarien lana da boterea, edozein dela ere, auzitan jartzea eta hark esandakoa kontrastatzea. Kazetariak horretan saiatu behar du".

Telebista publikoan jarrera argia hartzea zaila al den galdetu zion Alkortak, eta "gai batzutan sartzerik ez dut nahi izaten, eta nire iritzia eman bai, baina inoren aurka ez naizela ari pentsatzen dut. Hori da nik egiten dudan ariketa", azaldu zuen Iriartek. Nahiz eta horretan saiatu "marra gorri batzuk" badirela esan zuen: "Emakumeen kontrako biolentzia, esaterako, ez dut ulertzen. Biolentzia guztiak oso atentzio handiz begiratu beharreko kontuak dira, eta oso grabea da zuzenbide estatuak hori ez zaintzea. Bestalde, euskararen eta euskal kulturaren inguruan ere eman izan dut iritzia. Gainera, asaldatu egiten nau euskara modu positiboan diskriminatzen dela entzuteak. Marra gorri horiek, adibidez, ezin direla gainditu uste dut".

"Esanen politika"

Hainbat politikari elkarrizketatu du Azpimarra saioan, eta beste hainbatek kolaboratzen du bertan. Alkorta ere politologoa da, eta hala esan zion azpeitiarrak solasaldiaren erdian: "Definitu politikagintza".

"Oso erraza da politikoek dena gaizki egiten dutela esatea", aipatuaz hasi zen Iriarte. "Egun garrantzia handia dute esaldiek, eta zeinek handiago esango ibiltzen dira. Ikusi besterik ez dago egunero zenbat politikari izaten den komunikabideetan. Baina horren atzean zer dago? Ezer handirik ez". Orain, "esanen politika" egiten da: "Gauza asko esaten dute politikariek. Bata besteari bota eta bota aritzen dira, eta politikagintza barrutik bizi ez dugunongan, herritarrongan, sinesgarritasun eza sor dezake horrek".

"Azken boladan asko hitz egiten da Bake eta Elkarbizitzarako lan taldeaz. Nik garbi daukat bakea eta elkarbizitza guk, herritarrok, eraikiko dugula, eta horretarako ez da onena politikariek elkarri sekulakoak esatea. Inondik ere ez dira etorriko bere kabuz bakea eta elkarbizitza".

Pertsonaia publikoa, fama...

"Asko eskertzen dut dagoen giroarekin zuek hona etorri izana. Hor ikusten da nik esandakoa badela zerbait. Ospeak hori dauka, beste alde batzuk fribologoagoak", esan zuen. "Adibide bat jartzearren, aurreko ikus-entzule gabe ez da posible Azpimarra egitea, eta egon ninteke erosketak egiten ari naizela, hogei minutu bezperakoa aztertzen ikusle batekin. Hori bai, kritikak ere jasotzen ditut, eta gustura gainera, horietatik ikasi egiten da-eta".

Dena den, "besteak baino gehiago" denik ez du uste Iriartek, eta "semeekin saiatu naiz nire lana normala dela azaltzen, eta ez dezaten erabili edo baliatu". Bestalde, ezaguna izateagatik "ez dut uste ezer egiteari utzi diodanik", gaineratu zuen.

Emakumeak telebistan

Emakumeen irudia telebistan "asko zaintzen" dela uste du: "Itxura asko zaintzen da eta estilo bat jarraitu". Komunikabideak "gizartearen isla" direlakoan dago: "Ez dute ezer egiten, neurrik ez dute hartzen, hori aldatzeko, berdintasuna bultzatzeko. Adibide bat jartzearren; gizon ile zuridunak interesanteak dira, eta emakumeak, momentuz, ez".

Orain arteko beste hiru solasaldiak

Martxelo Otamendi (2013-02-19)
Juan Jose Ibarretxe (2013-03-12)
Benito Lertxundi (2013-05-21)

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu