Martxelo Otamendi, aho bizarrik gabe

Uztarria.eus 2013ko ots. 20a, 12:04

Atzo, asteartea, 'Aho bizarrik gabe' ekimenaren baitan aurreneko solasaldia eskaini zuten Martxelo Otamendik eta Mikel Aiestaranek Sanagustin kulturgunean.

Hamar urte atzera eginda eta 80 lagunetik gora bilduta estreinatu zen atzo Aho bizarrik gabe lelo duen solasaldi zikloa, Sanagustin kulturgunean. Euskaldunon Egunkaria Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz itxi zuteneko bezperatik abiatu zen Martxelo Otamendiren solasaldia; 2003ko otsailaren 19tik. Orduan, Otamendi Azpeitian izan zen euskal kioskoaren gaineko hitzaldia ematen, eta hitzaldi hartako argazkia erakutsiz hasi zuen herenegungo solasaldia Mikel Aiestaran kazetariak.

Azpeititik Tolosara itzuli zenean atxilotu zuen Guardia Zibilak Martxelo Otamendi, eta Euskaldunon Egunkaria itxi zutela jakinarazi zioten. Otamendirekin batera euskarazko kazetaren garai bateko zuzendari eta orduko arduradun ziren beste bederatzi lagun ere atxilotu zituzten.

Herenegun hamar urte, Azpeititik etxerako bidean "auto sandwich bat" egin ziotela ekarri zuen gogora orduan Egunkaria-ko eta gaur egun Berria-ko zuzendari denak: "Aurretik auto bat eta beste bat atzetik jarri zidaten, etxeraino eskatu gabeko eskolta jarri zidaten". Etxera iritsi, afaldu, sukaldea jaso eta lotan zegoela Otamendiren etxeko atea jo zuten. "Goizeko ordubata eta erdiak ziren, eta pijaman ireki nuen atea. Guardia Zibila zen, batek pistolarekin apuntatzen zuen". Eskuburdinak jarri eta atxilotuta zegoela jakinarazi zioten, eta Egunkaria itxita zegoela epailearen aginduz. Handik aurrera, miaketa etxean, miaketa Martin Ugalde kultur parkean, inkomunikatuta bost egunez, horietako hiru torturapean. "Guk inozentzia galdu genuen gau hartan. Banuen sakeleko telefonoa, baina ez Azpeititik Tolosarako bidean, ez etxean, ez zitzaidan inori deitzerik okurritu ere egin; nik ez nuen nire burua arriskuan ikusten".

Torturaren liburu beltza

Bost egunez inkomunikatuta egon ondoren, bermepean libre utzi zuten. Soto del Real kartzelatik irten orduko ETBren kameren aurrean bera eta bere lagunak torturatuak izan zirela salatu zuen Otamendik. "Gurekin hau egin badute, zer ez dute egingo 18 urteko gazte batekin edo ETAko kide garrantzitsu batekin. Seguraski, gure tortura salaketa jende askori begiak irekitzeko modu bat izan zen".

"Tortura, lan egiteko modu bat" dela zioen Otamendik. "Bi aukera dauzka poliziak: bata, ikertzea. Baina zaila eta garestia da hori. Tortura, aldiz, metodo oso eraginkorra da. Ikerketa askoz errazago egiten da, emaitzak berehala ematen ditu". Tortura salaketa haiek mundu mailan oihartzun handia izan zuten. Otamendiren ustez, "torturaren liburu beltza idazten denean, eta idazten ari da, oso beltza izango da".

Herritarrengandik jasotako babesa handia izan zen, eta "oso eskertuta" daude: Egunkaria itxi eta Berria sortu zuten denen laguntzarekin. "Tertzioz aldatuta", sektoreak bizi duen krisiari buruz ere galdetu zion Aiestaranek Otamendiri. "Bi krisi daude: bata soziologikoa da eta lehendik antzemanda zegoena. Bestea gero etorri da, estrategian teknologoen eta kudeatzaileon arteko dibortzioarekin. Trantsizio teknologikoa eta gestioa ez dugu elkarrekin egin. Teknologoek sekulako aurrerapena egin dute, eta euskarri tradizionaletan eskaintzen duguna, euren aldetik oso azkar landu dute, formatu berrietan eta beste euskarri batzuetan eskainiz". Baina gaur egun oraindik papera da Berria-ren diru iturri nagusia: "Euskara hizkuntza txikia da webguneak itxi eta kobratzen hasteko. Hizkuntza handietan ere ez dira hori egiten ari. Oraindik ere sarrerak paperak ematen ditu, bestela aspaldi kenduko zuten papera".

Marra gorri propioak

Gaur egungo krisi ekonomikoak ere eragina du kazetan, "publizitatea asko jaitsi da eta diru laguntzak ere bai". Euskal Herrian aurrekontuak egiterakoan "marra gorri" propioak jarri behar direla azaldu du Otamendik. "Unibertsalak diren hiru marra gorri jartzen dira: gizarte zerbitzuak, hezkuntza eta osasuna. Cuencarako edo Marsellarako balio dezakete, baina guk hizkuntza minorizatu bat dugunez, gureak definitu beharko genituzke: gizarte zerbitzuak, hezkuntza, osasuna eta euskara". Hortik aurrera, Aiestaranek bideratuta, Euskal Herritik Kataluniara eta handik Ameriketaraino jauzi egin zuen Otamendik, orain hamar urteko egun hartako bizipenetatik solasaldia gaur egunera ekarriz.

Aho bizarrik gabe ekimenaren lehenengo solasaldia izan zen atzokoa, eta hurrengo gonbidatua Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia izango da kulturgunean, martxoaren 12an. Uztarria Komunikazio Taldeak, Sanagustin kulturguneak eta Kultur Mahaiak, Urola Kostako Hitzak eta Erlo Telebistak elkarlanean antolatu dituzte solasaldiak.