Ekonomia sustatzeko diru-laguntzak onartu ditu Udalak

Uztarria.eus 2013ko uzt. 3a, 20:57

Azpeitiko herrian enplegua bultzatzeko, berrikuntzarako eta dibertsifikaziorako eta ekintzailetasuna sustatzera zuzendutako diru-laguntzak emateko oinarri orokorrak eta 2013. ekitaldiariari dagokion deialdia aho batez onartu zituzten astearteko Udalbatzarrean. 350.000 euro bideratu dituzte guztira.

Bilduk, EAJk eta Hamaikabatek aho batez eman diote hasierako onarpena Udalaren ekonomia sustatzeko planari. Azpeitia "krisi ekonomiko gogorrean" murgilduta dagoen honetan, sektore publikoak ekonomiaren "motorra" bihurtu behar duela iritzi diote udal ordezkariek, Eneko Etxeberria alkatearen esanetan. Eta atzoko (asteartea) Udalbatzan hartutako erabakia bide horretatik doa.

Azpeitiko herrian enplegua bultzatzeko, berrikuntzarako eta dibertsifikaziorako eta ekintzailetasuna sustatzera zuzendutako diru-laguntzak emateko oinarri orokorrak eta 2013. ekitaldiariari dagokion deialdia dira, hain zuzen ere, uztaileko ohiko Udalbatzarrean onartu dituztenak. 350.000 euro aurreikusi dituzte diru-laguntza horietarako. Lau lerrotan banatuko dituzte diru-laguntzak: langabetutako pertsonak kontratatuz enplegu sorrera bultzatzeko; lan-guneak sortzeko; batik bat ekonomia sozialarekin lotutako ekintzailetasuna sustatzeko; eta merkataritzan eta lehen sektorean enplegua sustatzeko.

Ekonomia sustatzeko plan berria Udalak 2013ko aurrekontuetan aurreikusitakoaren hiru adarretako bat da. Aurrekontuetan, ekonomia sustapenerako 700.000 euro bideratu zituen Udalak: 200.000 euro garapen agentzietara zuzendutako ohiko partidarako -kasu honetan, Iraurgi Lantzenen, Ezagutza Gunearen eta Loiola Berrikuntzaren artean banatuta-, 150.000 heziketa edo formazio ikastaroetarako; eta, hirugarren adarra, atzoko plenoan onartu zituzten diru-laguntzetarako 350.000 euroak dira.

"Lehenengo aldia da Azpeitiko udalbatzar batean era honetako sustapen ekonomikorako plan bat onartu dena", nabarmendu du alkateak. Etxeberriaren ustez, ordea, Udalak bere aldetik egingo duen ahalegina ez da nahikoa izango, "beste erakundeek ere neurri bereko erantzuna ematen ez badute". Horrela, deia luzatu die Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, haiek ere tankerako pausoak eman ditzaten.

Ekonomia sustatzeko planaren xehetasunak

Esan bezala, lau lerro nagusi aurreikusi ditu Udalak ekonomia sustatzeko planaren barruko diru-laguntzak ematerakoan:

  • Langabetuak kontratatzeagatik laguntza: Enplegu txekea. Gipuzkoako enpresek azpeitiar langabetuak kontratatzeagatik diru-laguntza jasoko dute. Lan kontratuak mugagabea izan beharko du. Diru kopuru batzuk ere aurreikusi dituzte behin-behinekoz: lanaldi osoko kontratua eginez gero 1.800 euro emango dizkio Udalak enpresari eta kontratua lanaldi erdikoa balitz, 900 euro. "Irizpide hori berrikusi beharra daukagu, eskaera asko egonez gero laguntza proportzionalki banatu beharko baitu udalak", azaldu du alkateak.
  • Ekintzailetasun zentroa eta proiektu berriak martxan jartzeko lokalak uztea. Ekintzailetasun zentroa zabalduko dute Sindikatu Zaharraren azkenengo solairuan. "Norbaitek ideia bat eduki eta garatu nahi badu han tokia edukiko du, bilera gela, beharrezko teknologia eta laguntzarekin". Horrez gain, Udalaren lokalak proiektu berriak abian jartzeko eskura jarriko dituzte, "hitzarmen bat sinatu eta proiektu berriak martxan jartzeko utzi egingo ditugu". Era berean, aktibitatea Azpeitian martxan jartzen dutenei alokairurako laguntza eskainiko die Udalak.
  • Enpresa berriak sortzea. Ekintzailetasuna. Kasu honetan, batik bat ekonomia soziala bultzatuko dute. Laguntza kopurua eskaeraren araberakoa izango da, baina printzipioz honakoak aurreikusi dituzte:
    - Autonomo edota denda bat martxan jartzeagatik edota enpresa bat sortzeagatik 2.500 euroko laguntza jaso ahalko da.
    - Kooperatiba bat sortu eta martxan jartzeagatik 5.000 euro.
    - Proiektu berritzaileak edota estrategikoak abian jarri eta lanpostuak sortzeagatik ere 5.000 euroko laguntza aurreikusi dute.
  • Merkataritzarako eta baserritarrentzako laguntza berezia. Ordezkapenak egiteko, edo langileak hiru edota sei hilabetarako kontratatzeagatik diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte merkatariek edota lehen sektorekoek. Azokak-eta sustatzeko laguntza ematea erabaki du Udalak eta Alde Zaharrean ekonomia aktibitateren bat zabaltzen dutenei ere alokairuarekin lagundu egingo die. Hiru hilabeteko lanaldi osoko kontratua egiteagatik 600 euro aurreikusi dute eta lanaldi erdirako kontratuen kasuan 300 euro. Sei hilabetetik gora 1.200 euro eta 600 euro.

Atzeraeginezko neurria

Sustapen planeko laguntzaren bat jaso nahi dutenek eskaera Udalean, Azpeitia Lantzenen, Iraurgi Lantzenen edota Loiola Berrikuntzan egin dezakete.

Kontuan izan behar da plana atzeraginezkoa edo retroaktiboa dela. Horrenbestez, 2013ko urtarrilaren 1etik urtea amaitu bitartean abian jarritako proiektuek eta diru-laguntzen oinarrietan aurreikusitako ekimen guztiek izango dute laguntzak eskatzeko aukera.