Webgunerako estilo liburua egin du Uztarriak

Uztarria.eus 2013ko eka. 13a, 14:44

Uztarria Komunikazio Taldeak webgunerako estilo liburua bukatu berri du. Uztarriako kazetarietzat eta langileentzat gidaliburua barne-erabilerarako izango da. Uztarriak webgunea iaz (2012) berritu zuen eta webgunea berritzearekin batera egokia ikusten zuen kazetariarentzako jarraibideak zehaztu eta jasotzea.

Besteak beste, "webgunean lanean diharduten kazetarientzat eguneroko lanerako irizpide garbiak zehazten dira Estilo Liburuan eta Uztarria.com-era hurbiltzen diren irakurleen beharrei erantzun eta jarraibide argiak eskaini ere bai", dio Julene Frantzesena Uztarria Komunikazio Taldeko kazetari eta Estilo Liburuaren egileak. Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasketetako Karrera Amaierako Proiektu (KAP) gisa aurkeztu zuen Frantzesenak Uztarria.com-erako estilo liburua.

Batez ere, komunikazio taldearen jokamoldea eta Uztarriaren proiektuen nondik norakoak zehaztea du helburu estilo liburuak, eta Uztarriaren oinarrietako bat pluraltasuna denez, hori bermatze bidean, printzipio etiko batzuk jasotzen ditu gidaliburuak.

Deontologia atalaz gain, hizkuntzari eta ortotipografiari lotutako zenbait gomendio ere jaso ditu Frantzesenak liburuan. Bestalde, Azpeitiari zuzen-zuzenean lotutako atal bat ere bada Uztarria.com-eko estilo liburuan. Bertan herriko auzo eta kale izendegia, azpeitiarrez hobetsitako zenbait hitz eta herriko elkarte, talde, ikastetxe eta guneen izenak nola idatzi ere aurkitu daitezke.