Uztarria.com berritua, abian

Uztarria.eus 2012ko ots. 4a, 10:39
Sanagustin Kulturguneko aurkezpenera gerturatu direnek atera duten argazkia

Uztarria.com-ek aro berriari ekin dio gaur, otsailaren 4a. Webguneak hamar urte bete berri dituenean -2002ko urtarrilean sortu zen-, Uztarria Komunikazio Taldeak berritu egin du Uztarria.com eta Sanagustin kulturgunean aurkeztu du jendaurrean.

Erabilterraza eta sinplifikatua, Azpeitiko informazio atariak informazioaren antolaketan berrikuntzak ditu, baina edukiaren osotasuna mantenduta. Lau atal nagusitan banatuko da eduki guztia: aktualitatea, komunitatea, zerbitzuak eta azpeitia

Zer, non eta nola

Bisitaria Uztarria.com-en sartzen denean, Aktualitatea eta Komunitatea atalen edukiak ikusiko ditu sarreran edo azalean. Aktualitatean, orain arteko albistegi nagusia eta webgune ‘zaharreko’ beste zenbait atal, hala nola Argazkia eta Bideoak, bateratu dira. Erabiltzaileei bilaketak errazteko albiste guztien artxiboa ere sortu dugu, Aktualitatea ataleko eduki osoa hilabeteka zein gaika antolatuta; atalaren barrura sartuta, eskuinaldean egongo da artxiboa. Eta albiste bakoitzean ere, dagokion gaiaren arabera (politika, kultura, kirola…), gai horren barruan aurretik argitaratu diren azken albisteen zerrenda ikusi ahal izango da, hori ere eskubialdean.

Webgune berrituarekin parte-hartzeari ere bultzada berria eman nahi izan dio Uztarriak. Azpeitiarren parte-hartzeari indar berria emateko asmoarekin, Komunitatea atala sortu da; dagoeneko 50 kidetik gora ditu, eta aurrerantzean askoz gehiago izatea da asmoa, kide aktiboz eta ekarpenez ondo hornitutako komunitate bizi-bizia osatuz. Sare sozialen bidetik, Komunitatea atalarekin herriko norbanako zein talde eta eragileen ekarpenei bidea ematea nahi du Uztarriak. Gaurtik aurrera, webgunearen erabiltzaile orok izango du Komunitatean kide izateko aukera (azalpen gehiago hemen); Facebook-en edo Twitter-en kontua dutenek, sare sozial horien bidez ere egin ahal izango dute kide-perfila. Uztarria.com-eko kideek informazioa, iritziak, argazkiak, bideoak edota webguneen loturak igo eta partekatzeko aukera izango dute; eta Uztarria.com-eko kazetariek kideen ekarpenak Aktualitateko albistegira pasatzeko aukera ere izango dute, kazetaritza irizpideen arabera.

Orain arte bezala, webguneko albisteetan erantzunak era anonimoan (erabiltzaile moduan erregistratuta) emateko aukera ere mantenduko da. Hori egiten dutenak, ordea, ez dira Komunitateko kide izango, eta ez dituzte izango goian aipatutako aukerak, beste era bateko ekarpenak egiteko. Kide eta erabiltzaile bakoitzak bere historikoa izango du webgunean: bakoitzaren izenaren gainean klik eginda, aurretik egin dituzten ekarpen guztiak eta emandako erantzun denak ikusi ahal izango dira.

Zerbitzuak atalean, besteak beste, agenda, Azpeitiko Gida, efemerideak edota iragarkiak aurkitu ahal izango dira; eduki horiek azalean ere bistaratuko dira. Azpeitia atalean, azkenik, liburuak (Uztarriak argitaratutakoak eta beste hainbat), Uztarria herri aldizkariaren zenbaki guztiak eta hauteskundeen emaitzak egongo dira, beste askoren artean.

Osatzen eta eguneratzen

Uztarria.com berrituaren ibilbideak lehen urratsak besterik ez ditu eman. Pixkanaka, aipatutako eduki eta zerbitzuak osatzen eta eguneratzen joango da Uztarria, eta aurrerantzean eduki eta zerbitzu berriak sortzeko lanean ere ahaleginduko da, beti ere erabiltzaileek Azpeitiari dagokion informaziorik ahalik eta zabalena eta zerbitzurik onena eskaintzeko helburuarekin.