"'Berria' behar dela erakutsi du jendeak funtsezko uneetan"

Urola Kostako Hitza 2013ko eka. 4a, 19:11
Beatriz Zabalondo eta Iban Arregi. (NEREA URANGA)

"Arduraz eta ilusioz" hartu dituzte karguak Beatriz Zabalondok eta Iban Arregik, Berria Taldearen proiektua Euskal Herriarentzat garrantzitsua delako, eta etorkizuna baduela sinesten dutelako; garai zailei aurre eginez, lan egiteko gogoz daude biak.

Beatriz Zabalondo (Elgeta, 1961) Berria Taldeko lehendakari eta Iban Arregi (Azpeitia, 1975) Administrazio Kontseiluko ordezkari izendatu dituzte. Larunbatean hartu zituzten karguak Andoainen, Martin Ugalde kultur parkean, Berria Taldeko akziodunen batzarrean. Zabalondo elgetarra izan arren, 18 urte zituenetik Zarautzen bizi da. Egun unibertsitateko irakaslea da. Aurretik, Euskaldunon Egunkaria-n jardun zuen sorreratik, baita Berria-ren euskara taldean ere, urte askoan. Itzulpengintzan ere hamaika lan egindakoa da. 2011tik Berria Taldeko Administrazio Kontseiluko kidea da. Joxan Lizarribarrek hil arte izandako kargua hartu du orain, Berria Taldeko lehendakariarena. Kargua hartzeko unean Lizarribarren besarkada faltan eman zuela esan zuen: "Gaurko [larunbateko] batzarrean disfrutatu egingo zuen Joxanek. Asko gozatuko zuen, Joanmari [Larrarte] eta biak hasi zirelako, hamar urte biak beteko zituztelako, eta biek batera utziko zutelako. Hain zen alaia eta hain ematekoa, asko disfrutatuko zuen". Iban Arregik, berriz, Joanmari Larrarteren lekukoa hartu du kontseilari ordezkari gisa. Azpeitiarra kazetari hasi zen lanean Euskaldunon Egunkaria-n, eta azken urteetan Berria Taldeko hedabideen arduraduna izan da. 16 urte darama proiektuan lanean. Azpeitiko Uztarria komunikazio proiektuaren sortzaileetako bat da, eta lehen lehendakaria ere izan zen.

Nola hartu duzue kargua?

Iban Arregi: Ardura handiarekin eta era berean ilusioarekin. Martxelok [Otamendi], Joanmarik [Larrarte] eta Joxanek [Lizarribar] aukera planteatu zidatenean, buruari buelta batzuk eman nizkion. Urte piloa daramat proiektu honetan lanean, eta jauzi bat bada, baina etxe barruan beste ardura bat hartzea bezala da niretzako, nahiz eta ardurak proiekzio publikoa eduki. Berria Taldearen proiektua Euskal Herriarentzat oso garrantzitsua den euskalgintzaren proiektua bezala bizi dugu. Horregatik, ardura handiarekin eta ilusioarekin hartu dut kargua. Arduraz, baina era berean, lasaitasunez, martxan dagoen proiektu bat delako, bere lan taldearekin eta behetik goraino bakoitzak bere funtzioarekin. Bakoitzari bere egitekoa egiten utzi, eta hori ahalik eta ondoen egitea da ardura.

Beatriz Zabalondo: Orain ez naiz Berria-n lanean ari, baina neu ere Euskaldunon Egunkaria-tik etorritakoa eta Berria-ko hasierako langilea naiz. Nahi edo nahi ez, bihotzean daramat, eta oso gertutik jarraitu dut beti. Bi urte daramat Administrazio Kontseiluan. Beraz, langile izateaz gain, beste funtzio horretan ere ibili naiz. Egoera zaila da, garai zailak dira, eta ezin zaio kargu honi alegrementean baiezkoa eman. Erantzunkizuna hor dago, eta gogoa dago. Egoera honi irtenbidea emateko eta Euskal Herrian proiektua sendo dadin lan egiteko, ilusio eta gogo handiz hartu dut kargua.

Joxan Lizarribarri eta Joanmari Larrarteri hartu diozue lekukoa. Egunkaria itxi eta Berria sortu zenean hartu zituzten haiek ardurak, garai zailetan. Hamar urte igaro dira ordutik, eta krisia dela medio, oraingoa ere garai zaila da, ezta?

B. Zabalondo: Perspektibarekin begiratzea garrantzitsua da. Egunkaria-ren lehen urteetan ere egon nintzen ni, eta orduan ere, beste arrazoi batzuengatik, oso garai zaila zen. Ordutik garai zailak beti izan dira. Euskal prentsarentzako garai onik ez dut ezagutu. Baina zailtasunak ezaugarri askorengatik izan dira. Orain, ordea, gauza on bat daukagu: profesional on asko ditugu. Baina ibilbidean nondik nora jo asmatu egin behar da. Kalitatezko produktua nola egin baino, bestaldean dagoen horrek arduratzen nau: zenbat irakurle ditugu, zenbat jende dago Berria kontsumitzen duena, irakurtzen duena, berdin Hitza-k, berdin herri hedabideak. Berria Taldeak inportantetzat daukan eginkizuna da hori. Dena den, hori ez da Berria Taldearen eginkizuna soilik, herri osoari dagokion erantzunkizuna da.

I. Arregi: Nik Egunkaria-ren sorrera ez nuen bizi izan, liburuetatik bizi izan dut 1990ekoa. Baina 2003koa bizi izan nuen, Egunkaria itxi eta Berria-ren sorrerakoa, baita gaur egungoa ere. Hiru data horiek Berria-rentzako funtsezkoak dira, eta hiru momentu horietan herriak beti erantzun egin du. Hori garrantzitsua da. Proiektu honetan lanean ari garenok beti diogu, hala sinesten dugulako: Euskal Herriak, herri batek, edozein hizkuntz komunitatek, hedabide sare sendo bat behar du. Bestela ez da garatuko, ez bere kultura, ez bere hizkuntza. Beste herri normalizatuetan hedabide sare propio sendo bat daukate. Hemengo hedabide sare horretan, Berria ezinbestekoa da. Hori diogu, baina guk esatea ez da nahikoa; jendeak hala bizi behar du. Aurrez aipatutako hiru data giltzarri horietan jendeak hala bizi eta hala erakutsi du: 1990ean erakutsi zuen, 2003an erakutsi zuen, eta orain Berrialaguna kanpainaren bueltan berriro erakusten ari da. Gure ahalegina izan behar du horrek, baina ez gure egitekoa bakarrik. Hor produkzio osoa egiten duen lan talde eta kolaboratzaile talde bat dago; hartzaile edo hartu-emanean dagoen komunitate bat dago (komertzialak, iragarleak, bezero mota desberdinak), eta erakundeak daude. Gure ahalegina hiru multzo horiek bide horretan jartzea da, kontzientziazioaren bidez, eta, erakundeen kasuan, erabaki politikoen bidez. Estrategikoa da. Berria behar dela esateko, hiru une horietan hartzaile edo hiztun komunitatearen aldetik erantzun positiboa egon da. Krisi ekonomikoaz gain, hedabideak krisi propioa ari dira jasaten.

Nola ikusten duzue etorkizuna?

I. Arregi: Momentua oso zaila da, eta etorkizuna ere oso zaila izango da, oro har hedabideentzat, eta are gehiago euskal prentsa eta euskalgintzari dagokionez. Hizkuntza minorizatu bat dugu, eta hori ez da ahaztu behar. Egoera zaila izan arren, komunitatearen erantzunak garbi erakusten du herri honek Berria behar duela. Diskurtsiboki eta ekintzen bidez hori demostratuta dago, beharra jendeak erakutsi egiten duelako. Horrek erakusten digu Berria-ren proiektuak etorkizuna badaukala, hamar urte egin dituela eta hamarnakak betetzen segituko duela. Proiektuak berak dauzkan funtzioekin eta helburuekin etorkizuna izango duela ez dut zalantzarik.

B. Zabalondo: Krisia ez da euskal hedabideena bakarrik, mundu mailan dago krisi handia. Berria Taldeak ipiniko ditu baliabideak Internetekoa indartzeko, mobiletako aplikazioak indartzeko... Baina bultzada gizartean behar da, eta gizartea gure alde dagoela ematen du. Baina politikak ere behar dira, politikak ez euskal hedabideen txanpinoitxoa salbatzeko, ez. Hori baino ikuspuntu zabalagoa behar da, eta hori sinestaraztera gatoz gu hona.

Aurrera egin behar dela diozue. Zein dira Berria Taldearen etorkizunerako erronkak?

I. Arregi: Berria-n kudeaketa planak-eta aztertzen jarduten dugunean, helburu asko aipatzen dira. Baina erronkak lau bat puntutan oso ondo identifikatzen ditugu. Aurrenekoa, eta oso inportantea, kazetaritza da; informazioa profesionaltasunez, kalitatez eta zabal ematea, balio batzuk transmitituz, gure kulturan eta hizkuntzan oinarritutakoa, eta bertatik emanda. Beste puntua, teknologia da. Teknologian inbertitu beharra dago, eta hor pausoak eman behar dira, baita lan egiteko moduan ere. Hirugarren puntua komunitatea da. Hor kokatzen dira Berrialagunak, harpidetzak eta publizitatea; inguruko sarea. Jendeak Berria-ren beharra ikusten du, baina sarea zabaltzeko eta handitzeko lan handia daukagu oraindik, eta horri ezin diogu uko egin. Laugarren puntua elkarlana da, bai sektorearekiko, bai euskalgintzan, bai erakundeekiko. Euskara zentralitate izanda, politika zehatz batzuk aurrera eramateko elkarlana behar da; euskal hedabideek, euskararen eta gure kulturaren garapenak behar dituen tresnak nola kokatzen ditugun politika adosteko. Horretarako pauso handiak daude emateko. Sektore mailan ari gara gauzak egiten, eta erakundeekin ere hasi gara. Baina denon artean hausnartzea eta erabaki politiko batzuk gauzatzea eskatzen du elkarlan horrek. Erabaki politikoak diodanean, elkarrekin adostuta hartu beharreko erabakiez ari naiz.

Euskal Herriarentzat Berria Taldearen proiektua oso garrantzitsua dela nabarmentzen duzue. Zergatik da garrantzitsua?

B. Zabalondo: Ibanek aurrez esan bezala, zentralitatea jarri beharra dago. Beste medio batekin alderatuz, The New York Times-en zentralidadea New York, Ameriketako Estatu Batuak eta mundua dira. Gurea, berriz, Euskal Herria eta euskara. Herri honek daukan arnasa hortik kontatu behar du, ez beste batzuk esaten digutenaren bitartez. Guk kontatzen dugunaren ardatza Euskal Herrian dago jarrita, eta horregatik gara hedabide nazional bakarra. Gu Oionera, Tafallara, Angelura edota Bermeora iristen gara. Bermeoko notizia bat edo Angelukoa pisu berarekin tratatzen da, eta hori guk bakarrik egiten dugu. Gero hedabide txikiak, eskualdetakoak-eta daude. Horiek zentralitatea eskualdera ekarrita dute, eta hori ere beharrezkoa da. Berria-k ezin du dena harrapatu, eta hor daude eskualdetako Hitza-k eta beste hedabide batzuk. Oso garrantzitsuak dira.

I. Arregi: Komunikabide sare sendo bat behar da, Berria behar da. Hori ez da guk esaten dugulako bakarrik, edozein herrik, edozein komunitatek, komunikazio sare sendo bat du. Gaur egun are gehiago, dena komunikazioaren bueltan osatuta baitago. Komunikabide sare sendoa ezinbestekoa da herri baten garapenerako eta iraupenerako. Gure herriaren garapena euskararekin lotzen dugunez, ezinbestekoa ikusten dugu herriaren eta hizkuntzaren garapenerako hedabide sare sendoa izatea. Horretan Berria zentralitatea da. Eusko Jaurlaritzak 1983an Euskara Plana onartu zuenean ere hori zioen: hizkuntz normalizazioa lortzeko eta erabileran eragiteko, hezkuntzarekin batera, administrazioarekin batera, hedabideak daude. Esandakoa politika praktikoetara eramaterakoan, publikoan EITBn egin da inbertsio handia, baina gainontzeko sarean ez da horrenbestekoa izan. Gure helburua euskararen bueltan herri bat osatzea bada, hor egiteko bat badaukagu.

Berrialagunen komunitate sarea osatzen joateko, iaz Zure ziztada behar dugu kanpaina jarri zenuten martxan. Zein zuen helburua?

I. Arregi: Berrialaguna kanpaina martxan jarri aurretik, irakurketa hau egin genuen: merkatuaren parametroetan eta hedabideen krisi honetan, publizitatea asko ari da jaisten, eta salmentak ere jaisten ari dira. Papereko produktuaren salmentarena aipatzen da asko, baina publizitatearen jaitsiera basatiagoa da, eta, gainera, egoera horretan erakundeek diru-laguntzak murriztu egin dituzte. Publizitate sarrera, salmentak eta diru-laguntza behera zihoazela ikusita, hausnarketa estrategikoa egin genuenean, bi ondorio garbi atera genituen. Batetik, diru-sarrerak dibertsifikatzera jo behar genuela; ordura arte bezala ezin genuela publizitatean, harpidetzan eta diru laguntzetan zentratu. Dibertsifikazio horretan sarrera desberdinak martxan jarri ziren: administrazio zerbitzuak eta beste batzuk. Sarreren kontuan ondorio garbia atera zen: informazioagatik Interneten kobratzen ezin genuela hasi, bestela gure funtzioaren eta gure buruaren kontra egingo genuelako. Hizkuntz normalizazioa dugu helburu, eta kobratzen hasiko bagina, zer erreferentzialtasun lortuko genuke? Horrek ekarri zuen Berrialaguna kontzeptua; proiektu honek kostu bat dauka, eta boluntarioki urtean 100 euro emango duen jende bat behar dugu, proiektu honen beharra dagoela sinesten duena. Bestela, diru hori gabe proiektua erori egingo zatekeen. Baina hori ere ez dugu guk asmatu, Katalunian Vilaweb-ek martxan zuen eta AEBn aspalditik ari dira telebistak programazioaren bukaeran zer kostu daukan jartzen. Crowdfunding sistemak aspalditik daude, eta Berrialaguna horietako bat da.

Berrialaguna kanpainak nolako emaitza izan du orain arte?

B. Zabalondo: Erantzuna oso indartsua izan da. Iaz jarri zen helburua handia zen, 500.000 eurokoa, eta lortu egin zen. Aurten hori igotzea aurreikusi zen, eta emaitzak lortzen ari dira. Urteroko dinamika bezala jarri zen martxan, finantziazio iraunkor bezala. Horrela planteatu zen, eta jendeak hala ulertu du. Edozeinek eta edozein unetan erabaki dezake Berrialaguna egitea, eta bakoitzak ahal duen neurrian. Proiektu honetan sinisten dugulako, etorkizuna duelako, eta aurrera egin behar duelako gaude hemen. Guk horretan asmatu behar dugu Administrazio Kontseilu bezala, eta Euskal Herri mailan ere asmatu behar dugu. Horregatik, Berrialagunak parte hartzera gonbidatzen ditut. Komunitate sarearen parte-hartze zuzena bideratu nahi da. Hor pausoak ematen joatea planifikatuta daukagu.

I. Arregi: Berrialaguna komunitatearekin, sarea osatzen dutenek Berria proiektuarekiko harremana sendotzea bilatuko dugu. Dagoeneko Berrialagunekin urtean batzar bat egiten hasi gara, batzarrean gure planteamenduak azalduz, eta Berrialagunen proposamenak jasoz.