Iban Arregi da gaurtik aurrera Berria Taldeko kontseilari ordezkaria

Uztarria.eus 2013ko eka. 1a, 13:37
Iban Arregi eta Beatriz Zabalondo Berria Taldeko kontseilari ordezkari eta lehendakari berriak gaur, Andoainen.

Joanmari Larrarteren lekukoa hartu du azpeitiarrak. Euskarazko hedabideen enpresa taldeak goizean egin du akziodunen batzarra, Andoainen. 1998-2003ra artean Uztarria Kultur Koordinakundeko lehendakaria izan zen Arregi. "Euskal komunikazio eremu sendo bat" behar dela dio. Berria Taldeak 250 langile ditu.

Gaur (zapatua) goizean egin du Berria Taldeak akziodunen urteko ohiko batzarra, Andoainen, eta enpresak kontseilari ordezkari aldaketa egin du: Joanmari Larrarteri (2003tik egon da) Iban Arregik hartu dio lekukoa. Azpeitiarra da Arregi, eta betidanik euskarazko komunikabideetan egin izan du lan (Egunkaria, Berria eta Hitza proiektuetan). Azpeitiko hedabideetan ere eduki izan du jarduerarik, 1998an Uztarria Kultur Koordinakundeko lehendakari izendatu baitzuten.

Azkeneko zortzi bat urteetan Berria Taldeko ardura postuetan ibili da Arregi, eta orain beste koska bat igo du, enpresako arduradun nagusiek proposatu eta akziodunek batzarrean onartuta (11:35ean hartu dute erabakia). Dena dela, berak dio "lantaldeari" ematen diola garrantzia. 

"Euskal komunikazio eremu sendo bat" behar dela azpimarratu du uztarria.com-i eskainitako elkarrizketan, eta uste du krisi garai hauetan ere hedabideetako langileek, erosleek, irakurleek eta erakundeek euren "alea" jarri behar dutela.

Berria Taldearen akziodunen batzarrean Administrazio Kontseiluko lehendakaria ere hautatu dute: Beatriz Zabalondo (1961, Elgeta). Joxan Lizarribar zendu berriaren postua hartu du.

CIESen datuen arabera, Berria egunkariak 60.000 irakurle ditu egunero. Berria.info-k, ia 20.000 bisita. Era berean, zerbitzu, banaketa eta publizitate enpresak ditu taldearen baitan. Enpresa taldeak 250 langile dauzka. Bere komunikabideak ez ezik, parte hartzen du Hitza egitasmoan eta Hamaika Telebistan. Hekimen euskarazko hedabideen elkarteko eta Kontseilua Euskararen Gizarte Erakundeen elkarteko kide da. Espainiako Estatuak Egunkaria-k itxi ostean sortu zen Berria Taldea –2003ko ekainean–; 24.404 akziodun eta 4.595.900 euroko kapitala lortu zituen.

Batzarrari buruz Berria.info-k dakarren informazioa.

IBAN ARREGI-REN DATUAK

- Jaio. 1975ean, Azpeitian. Bertan bizi da.

- Ikasketak. EHUko Informazio Zientzietan lizentziaduna.

- Egunkaria-Berria. 1997tik aurrera dabil lanean Egunkaria eta Berria taldeetan; aurretik ETBn praktika lanetan ibili zen. 1997tik 2003ra artean egunkariko hainbat sailetan. 2003tik 2010era Hitza proiektuan (Berria Taldeko Bertako Hedabideak enpresan; azken laupabost urteetan, arduradun). 2010etik gaur arte Berria Taldeko hedabideen arduraduna. Gaurtik aurrera Berria Taldeko Administrazio Kontseiluko kidea, kontseilari ordezkaria.

- Uztarria. Uztarria Kultur Koordinakundeko aurreneko lehendakaria: 1998-2003. (Uztarria herri aldizkariaren 1. zenbakian idatzi zuen artikulua). Laxaro Azkunek hartu zion lekukoa.

- Liburua. Angel Otaegi biografia (Uztarria, 2001). 

ELKARRIZKETA

Zer dela-eta hartu duzu Berria Taldeko kontseilari ordezkari kargua?

Hamasei urte daramatzat proiektu honetan lanean, lan eta ardura desberdinetan. Hasieran kazetari moduan, gero erredakzioan ardura lanetan, proiektu desberdinak sustatzen… Etxe barruan ibilbide natural bat eduki dut, eta horrela etorri da proposamena, egoera honetan etxeko batek ardura hartzea garrantzitsua zela uste zuelako Administrazio Kontseiluak. Joxan Lizarribarrek, Joanmari Larrartek eta Martxelo Otamendik egin zidaten proposamena. 

Berehala onartu al zenuen?

Egiari zor, gaiari eman diot buelta dezente, baina lanpostu bat baino gehiago da niretzat Berria Taldeko langilea izatea, konpromiso bat da, euskalgintzaren eta herrigintzaren aldeko oso-oso betebehar garrantzitsua. Horrela bizi dut, horrela bizi dugu. Eta horregatik eman dut azkenean baiezkoa. Eta tira, baten batek ere bete behar zuen Larrartek utzitako hutsunea, hark argi zuelako postua utzi egingo zuela hamar urte betetzean. 

Pisu handi du karguak.

Karguari berari ez diot momentuan halako garrantzia ematen, lantaldea delako hemen garrantzitsuena, lantalde guztia, bakoitzak bere betebeharrekin eta ardurekin. Orain arte bezala, Berria egitasmoko langile izaten segitzen dut, beste ardura batzuekin.

Garai zail batean hartu duzu ardura.

Bai, garai zailak bizi ditugu hedabideok, eta are eta gehiago euskarazkook, izerdi asko bota beharko dugu aurrera egiteko. Guk langileok argi dugu oro har euskal komunikazio eremu sendo bat behar duela herri honek, hizkuntza honek, garatzeko; zehazki, uste dugu Berria bezalako proiektu bat behar duela herri honek, ezinbestean behar duela. Baina hori guk argi edukitzearekin ez dugu ezer egiten, eta horixe da iaztik egiten ari garen ariketa, Berrialaguna kanpainarekin. Hain zuzen, eta bi hitzetan, zera galdetu diogu euskal hiztunen komunitateari, Berria komunitateari: uste al duzue Berria-k segitu behar duela hurrengo urteetan bere ekarpena egiten, euskaraz egunero profesionaltasunez eta kalitatez informatzen, gaiak analizatzen? Erantzuna argia izan da: bai, behar dugu.

Konpromiso maila areagotzea esan nahi al du horrek?

Denok jarri behar dugu geure alea: langileok, erosleek, irakurleek, erakundeek…. Berrialaguna kanpaina oso erantzun ona ari da izaten, eta, besteak beste, horrek erakusten du proiektu honek baduela etorkizuna; zailtasunak zailtasun, egokitzapenak egokitzapen, badugula etorkizuna. Baina konpromisoa behar da denen artetik, eta erakundeek ere orain arte baino gehiago egin dezakete, egin behar dute, inbertitu egin behar dute kultur industrian, herri honek kultur eremu sendo bat eta euskal komunikazio eremua sendo bat behar dituela argi badugu, behintzat.