Azpeitiaplax!, sexu aholkularitza indartu eta bateratzeko ekimena abian da

Uztarria.eus 2013ko api. 2a, 19:22
Gazteriako, Parekidetasuneko eta Emakumeen Txokoko arduradun politiko, teknikari eta begiraleek elkartuta aurkeztu dute 'Azpeitiaplax!' ekimena.

Udaleko Parekidetasun eta Gazteria sailek eta Emakumeen Mahaiak eta Emakumeen Txokoak eskaintzen dituzten baliabideak nolabait bateratu eta zabalkundea eman nahi diete, Plazera plazara lelopean. Helbide elektronikoa ere sortu dute (azpeitianplax@gmail.com), edonork bere kezkak, proposamenak, zalantzak edota eskaerak bideratzeko.

Leire Etxaniz Parekidetasun batzordeburuak azaldu bezala, duela bost urtetik martxan da herriko ikastetxeetan sexualitatearen ingurukoak lantzeko proiektua, hiru urte dira Gazteria sailetik aholkularitza zerbitzua eskaintzen dela eta, iaztik, Emakumeen Txokoan ere badago sexualitate aholkularitza zerbitzua.

Orain, "lehendik zeuden zerbitzuak indartu nahi izan" dituzte, Asier Baglietto Gabilondoren esanetan, formazioa eta aholkularitza oinarrian direla. Horrela, Azpeitiaplax!-ek hiru zutabe izango ditu:

  • Plax sarean!: azpeitianplax@gmail.com e-posta helbidea sortu dute. Sexualitatearen edo sexu-harremanen inguruko galderak, zalantzak edo kezkak modu anonimoan planteatzeko aukera eskainiko du.
  • Gazteplax!Hileko azken ostiraletan eskaintzen dute, Izarraitz pilotalekuko Gaztetxokoan, 16:00etatik 20:00etara. Bertan, gazteei aholkularitza eskaintzeaz gain, heziketaz ere arduratzen dira, jolasen edo tailerren bidez.
  • Plaxazpeitia!: Hileko azken zapatuetan, 10:00etatik 13:00etara, Emakumeen Txokoan ematen den aholkularitza zerbitzua da, herritar ororentzat irekia. "Sexologiaz harago, bikote harremanak, krisi pertsonalak... edozein gai konpartituz" aritzea da asmoa, Ana Elosegi zerbitzuaren arduradunak azaldu duenez. "Banaka, binaka, taldean... nahi duten bezala" erabil dezakete zerbitzua herritarrek. 

Aholkularitza zerbitzurako aurrez hitzordua eskatzea ere badago. Horretarako, lehen aipatutako azpeitianplax@gmail.com helbidera idatzi besterik ez dago.