Sexualitate aholkularitza zerbitzua martxan da Emakumeen Txokoan

Urola Kostako Hitza 2013ko urt. 25a, 17:50

Herritarren kezkak eta nahigabeak bideratzen laguntzea da asmoa, beti genero ikuspegia kontuan hartuta. Aholkularitza, informazio eta hitzaldiez gainera, hurrengo hilabeteetarako bost ikastaro berri antolatu dituzte Emakumeen Txokoan.

Azpeitiko Emakumeen Txokoan datozen hilabeteetarako ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak eta aholkularitza zerbitzuak antolatu dituzte. Martxan jarritako azken ekimenen artean, besteak beste, herritar guztiei, gizonezko zein emakumezkoei, zuzendutako hezkidetza eta sexualitate aholkularitza zerbitzua dago. Hilaren azkenengo larunbatetan eskainiko dute, 10:00etatik 13:00etara, Emakumeen Txokoan bertan. Hil honetako hitzordua bihar da.

Duela lau bat urtetik gaztetxoei zuzendutako sexualitate aholkularitza zerbitzua ematen du Azpeitiko Udalak, Gazteriatik. Gaztelekuan ematen da, hilaren azkenengo ostiral arratsaldetan. Urritik, ordea, herritar guztiei aukera zabaldu die. Horren ardura Ana Elosegi azpeitiarrak izango du. "Sexualitatean eta berdintasunean oinarritutako aholkularitza zerbitzua da, baina edozeinek du aukera bertara etortzeko, banaka edota taldeka; edozein kezka edo nahigabe duen gazte, heldu edota hirugarren adineko hartzeko prest gaude. Barneko korapilo horiek nola askatu bideratzen laguntzea da zerbitzuaren helburua", dio Elosegik.

Aurrez aurreko zerbitzua hileko azken larunbatetan ematen dute, baina inork e-mail bidez aholkua eskatu nahiko balu, emakumetxokoa@azpeitia.net helbidera zuzen liteke.

Urrian hasi ziren, eta orain arteko balorazioa ona da. Baina zerbitzua indartu nahi dute, herritarren artean gehiago ezagutaraziz. Horregatik, laster zerbitzua on-line jasotzeko aukera eskaintzeko asmoa dute.

Ikastaro berriak

Aholkularitza, informazio eta hitzaldiez gainera, hurrengo hilabeteetarako bost ikastaro berri antolatu dituzte Emakumeen Txokoan. Izena emateko urtarrilaren 31 arteko epea jarri dute, horretarako 943 157055 telefonora deitu daiteke. Asteartetik ostiralera 16:30etik 20:00etara dago zabalik eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara.

Otsailaren 4an hasita, astelehenetan, Pepa Bojok Emozioak nola landu? izenburua duen ikastaroa emango du, 17:30ean hasita. Antolatzaileen arabera, ikastaroa norberaren emozioak ezagutu, ulertu eta erabiltzen jakitetik sortu da eta emozio horiekiko oreka lortu eta ondo sentitzea du helburu.

Sare sozialez eta bideogintzaz beste bi ikastaro ere antolatu dituzte. Sare sozialena asteartetan da, 17:30etik 20:30era, otsailaren 19an eta 26an; bideogintzakoa, berriz, ostiraletan, 18:00etatik 20:30era, otsailaren 8an hasita.

Apirilerako, berriz, autodefentsa ikastaroa antolatu dute Emakumeen Txokoan, Edurne Epelde Pagolarekin. Apirilaren 19an eta 20an, doan.

Aurretik eskatuz gero, ikastaroetarako haurtzaindegi zerbitzua ere eskaintzen dute Emakumeen Txokoan.