Gallardo Taldeak Corrugadoseko langileei egin dien azken proposamena plazaratu du

Uztarria.eus 2013ko urt. 23a, 19:25

60 kaleratzeei eta soldaten %35eko jaitsierari eusten die zuzendaritzak, baina borondatezko bajak onartuta eta soldataren jaitsiera batezbesteko bezala hartuta, "gehien kobratzen dutenei gehiago eta gutxien kobratzen dutenei gutxiago" kenduta. Lana Erregulatzeko Txostenaren (LET) aplikazioa orekatzea ere aurreikusten dute. Langileek proposamen horri uko eginez gero, "langileei lantegia alokairuan doan eman eta ustiapena haien esku uzteko prest" azaldu da Gallardo Taldea.

Gallardo Taldeak Corrugados Azpeitiako langileei helarazi dien azken proposamena plazaratu du, komunikatu bidez. Langileak grebara eraman zituen hasierako proposamenaren oinarri nagusiak mantendu egiten ditu zuzendaritzak, baina azken proposamen horrek ñabardurak ere baditu.

Horrela, 60 kaleratzeei eta soldaten %35eko jaitsierari eusten die zuzendaritzak, baina borondatezko bajak onartuta, "lan egindako urteko 30 egun eta gehienez 16 hilabetetan" kobratuta; eta soldataren jaitsiera batezbesteko bezala hartuta, "gehien kobratzen dutenei gehiago eta gutxien kobratzen dutenei gutxiago" kenduta.

Lanorduak igotzeari uko egingo lioke zuzendaritzak. Plantillan geratuko liratekeen langileei, hori bai, Lana Erregulatzeko Txostena (LET) ezarriko litzaieke. LET-aren aplikazioa orekatzea aurreikusten dute, "pixkanaka, langabezi saritik gutxien xahutu dutenak gehien xahutu dutenekin parekatzen saiatuz".

Langileek baldintza horiek onartuz gero, zuzendaritzak lantegia berritxo martxan jartzeko "konpromisoa" agertu du, "urteko 300.000 tonako gutxieneko ekoizpenetik abiatzen saiatuta". Aldiz, langileek proposamena atzera botaz gero, "langileei lantegia alokairuan doan eman eta ustiapena haien esku uzteko prest" azaldu da Gallardo Taldea.

Sei hilabete pasako grebaren eta "inposatutako oporren" ondoren ostiralean, urtarrilak 25, dira lanera bueltatzekoak beharginak. Joan den astean, greba utzi zutenetik egin dituzten negoziazio saiakeren inguruko balorazioa egin zuten langileek prentsaurrean. Han azaldu zuten negoziazio horietan langileek proposatutakoa, eta "kezkatuta" azaldu ziren enpresaburuen jarrerarekin.