Corrugados Azpeitiako labeek piztu gabe segituko dute

Urola Kostako Hitza 2013ko urt. 15a, 12:23
Corrugados Azpeitian langileei oporraldia luzatu diete. (Nerea Uranga)

Corrugados Azpeitiako langileek gaur arte oporrak zituzten, baina "inposatutako" oporrekin jarraitu beharko dute hilaren 24ra arte, hala azaldu dute gaur goizean Enpresa Batzordeko ELAko ordezkari Imanol Arrojeriak eta LABeko Esteban Kanposek.

Corrugados Azpeitiako langileek gaur arte oporrak zituzten, baina "inposatutako" oporrekin jarraitu beharko dute hilaren 24ra arte, hala azaldu dute gaur goizean Enpresa Batzordeko ELAko ordezkari Imanol Arrojeriak eta LABeko Esteban Kanposek. Kaleratzeen eta murrizketen kontra sei hilabete eta erdi greban egin ondoren, "negoziazioaren mesedetan" greba bertan behera utzi eta lanera itzuli ziren Corrugadoseko langileak joan den urtarrilaren 4an. Baina, orduan gaur arteko oporrak eman zizkien zuzendaritzak; bulegoetako eta segurtasun lanetarako mantenuko langile batzuk ordea lanean hasi ziren. Enpresaren nagusiek negoziatzeko asmorik gabe segitzen dutela eta egoera "blokeatuta" dagoela adierazi dute langileek.

Azken egunotan Alfonso Gallardo Taldeko zuzendaritzarekin bi aldiz bildu dira Enpresa Batzordekoak: aurrena, Gasteizen bildu ziren eta bertan langileen ordezkari sindikalek dokumentazioa eskatu zieten zuzendaritzari, Enpresa Batzordeko kideak bilera hartatik baikor atera ziren. Joan den larunbatean, berriz, bi aldeak Burgosen elkartu ziren. Baina, bilera "desastrea" izan zela esan dute ELA eta LABeko Enpresa Batzordeko ordezkariek.

Gaur goizeko 08:00etan lanera joan dira Corrugados Azpeitiako langileak eta hiru ordu laurden inguruz bilduta egon dira bulegoetako harreran. Han enpresako gerenteak hilaren 24ra arte oporrak dituztela esan diete langileei. "Langile batzuk aurreko egunetan enpresaren deia jaso dute, oporrak luzatzen dizkietela esanez. Baina, gainontzekook gaur jakin dugu inposatutako oporretan segitzen dugula", adierazi dute Arrojeriak eta Kanposek enpresaren atarian bildutako hedabideen aurrean.”Gerenteari oporrak dauzkagula esaten digun dokumentu idatzi bat eskatu eta demanda sartuko dugula azaldu diogu”, esan dute Enpresa Batzordeko ordezkariek, "legez guk bi hilabete aurretik jakin behar dugu oporrak ditugula, abisatu gabe ezin dizkigute oporrak eman".

Gallardo Taldeko nagusiek negoziatzeko asmorik ez dutela uste dute Enpresa Batzordekoek, "dagoeneko bi bilera egin ditugu, eta lehengo jarrera mantentzen du, kaleratzeak eta murrizketak inposatu nahi ditu, ez du ezer negoziatu nahi". ELA eta LABeko ordezkariek susmoa hartuta dute zuzendaritza "denbora irabazi nahian" dabilela. "Enpresako nagusiei gauzak garbi adierazteko eskatzen diogu: Corrugados Azpeitia ixteko asmoa badu esan dezala garbi eta lehenbailehen". "Orain 24ra arte oporrak eman dizkigu, eta 24an zer? Esan dezatela garbi zer asmo duten, eta Azpeitiko zuzendaritzari ere postura garbi bat hartu dezala eskatzen diogu", esan dute langileen ordezkariek. Kontuak horrela, mobilizazioak indartzen hasi beharko dutela adierazi dute langileen ordezkariek.