Eneko Etxeberria: "Krisiak nabarmen eragin dio gure herriari"

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2012ko mai. 23a, 13:41

Urtebete pasatu da udal eta foru hauteskundeak egin zirenetik. Hori dela-eta, Urola Kostako Hitza-k eskualdeko udal agintari gehienen urtebeteko jardunaren balorazioa jaso du; baita Azpeitiko udal agintariena ere.

Urtebete pasatu da udal eta foru hauteskundeak egin zirenetik. Iazko maiatzaren 22an eskualdeko mapa politikoa goitik behera aldatu zen, sortu berri zen Bildu koalizioak alkatetza lortu baitzuen udalerri gehienetan, eta Azpeitian ere bai. Urola Kostako Hitza-k eskualdeko udal agintari gehienen urtebeteko jardunaren balorazioa jaso du; baita Azpeitiko udal agintariena ere.

Azpeitiko Udalaren egoera egungo testuinguru ekonomikoaren baitan kokatu du Eneko Etxeberria alkateak. "Krisiak nabarmen eragin dio gure herriari", adierazi du. Egoera horretan heldu zion alkatetzari Bildu koalizioak, duela urtebete. "Azpeitiko Udalak azken urteetan aukera handiak galdu ditu, eta kostatuko zaigu bide onean jartzea". Hala ere, Etxeberriak adierazi du "estrategia diseinatu" batekin hartu zutela alkatetza. "Krisiaren eraginak nabarmen astindu ditu gure asmoetako baliabideak, baina eraginkortasuna bilatzeko neurriek bultzatu dute udala helburu estrategikoetara".

Urtebeteko balorazioa, berriz, herritarrei egitea dagokiela adierazi du alkateak. Hala ere, adierazi du herritarren eta udalaren arteko harremana "asko indartu" dela azken urtean.