Azpeitiko Iraurgi Cup futbol txapelketan 32 talde lehiatuko dira

Urola Kostako Hitza 2012ko mai. 23a, 12:55
Iraurgi Cup 2012 txapelketa atzo aurkeztu zuten, Loiola hotelean. (Nerea Uranga)

Ekainaren 15ean, 16an eta 17an jokatuko da futbol 8ko "maila handiko" norgehiagoka Garmendipen

Iraurgi Cup 2012 Adiskidetasunaren Futbol Txapelketa ekainaren 15, 16 eta 17an jokatuko da. Guztira futboleko alebinen lehen mailako mutilen 32 taldek hartuko dute parte. "Jokalariak eta teknikoak kontutan hartuz gero, 600 lagun inguruk hartuko dute parte". Futbol 8ko txapelketa da Garmendipeko bi futbol zelaietan jokatuko dena.
 
Iaz antolatu zuten aurreneko Iraurgi Cup txapelketa. Baina aurten, babesle berriekin eta formatu berriarekin antolatu du futbol lehiaketa Iraurgi Cup kirol klubak, hala azaldu zuen atzo lehiaketaren aurkezpenean klubeko Meliton Rodriguezek.
 
Gipuzkoako taldeei aukera emateko ahaleginean ekainaren 15erako aurre kanporaketa antolatu dute. "Aukera polita ikusi dugu Gipuzkoako taldeei txapelketan parte hartzeko aukera emateko. Gainera, horietako lau taldek, gero ligako kanporaketan aritzeko aukera izango dute, eliteko taldeekin parte hartuz". 11 urteko mutilen hamasei taldek hartuko dute parte aurrekanporaketan, gehienak gipuzkoarrak.
 
Iraurgi Cup ligako kanporaketak eta finalak, berriz, ekainaren 15ean eta 16an jokatuko dira. Hogeitalde ariko dira hemen. "Nazioarteko txapelketa da aurtengoa, Euskal Herritik kanpoko taldeak ere izango baititugu", esan du Rodriguezek. Aurtengo honetan iazkoez gain lau talde berri gehituko dira: Villarreal, Atletico Madrid, Malaga eta Bordeleko Girondins.
 
Iraurgi Cup txapelketara kanpotik datozen taldeek asteburu horretan Azpeitian hartuko dute ostatua: "Loiola eta Arrupe hoteletan, Jesus Mariatako aterpean eta Landagarre eta Izarre landa etxeetan egingo dute egonaldia".

Garai zailetan ere laguntza

Aurten herriko elkarte edota soziedadeen babesa ere jaso dute Iraurgi Cup kirol klubekoek. "Herriko hamar elkartek parte hartuko dute txapelketako antolaketan, ekainaren 16an txapelketako taldeei bazkaltzen emanez. Haien ekarpena eskertzekoa da benetan", esan du Rodriguezek. Kirol klubarekin elkarlanean ariko diren elkarteak dira: ZelaiLuze, Basazabal, Ziripot, Irrintzi, Zokoa, Oilo Soro, Harkaitza, Vivero, Loiola Bide Zahar eta Loiolatxo. Elkarte bakoitzean ligan parte hartuko duten bi taldek bazkalduko dute.
 
Egoera ekonomiko kaskarrari aurre egin eta txapelketa antolatzeko "ilusioa eta ahalegin guztia" jarri dutela esan du Rodriguezek. Ahalegin horretan ondoan dituzten laguntzaileei eta babeslei euren esker ona azaldu die Iraurgi Cupek. Laguntzaile nagusiak Altuna y Uria, Azpeitiko
Udala eta Kutxabank dituzte aurtengo txapelketan. "Baina,horiez gainera herriko enpresa txikiek, merkatariek,tabernek eta ostatuek, Iraurgi ikastetxeak eta boluntario jarduten dutenek ematen diguten laguntza ere kontutan hartzekoa da", azaldu dute. Altuna y Uria da aurtengo txapelketaren babesle nagusia, "garai onenak ez dira, baina Altuna y Uria enpresak beti egin du ahalegina herriko kirol ekimenak babesteko, orain Iraurgi Cup, eta bestela Iraurgi SB edota maratoi erdia", esan du enpresako Maria Uriak.
 
Futbol lehia antolatzen lagundu dietenak, berriz, Lagun Onak futbol elkartea, Gipuzkoako Futbol Federazioa eta Reala izan dira. Herrian futbola sustatzea da Lagun Onak futbol elkartearen helburuetako bat, eta horretan laguntzen duen edozein ekimen "ongietorria" dela esan du Lagun Onak futbol klubeko Elvira Morejonek. Txapelketaren antolatzaileak ere zoriondu ditu. Iraurgi Cup 2012 futbol lehiaketaren maila ona nabarmendu du, berriz, Gipuzkoako Futbol Federazioko kide Ramon Azkaratek. "Maila handiko txapelketa da, eta bertako taldeen kopurua ere garrantzitsua da.Gaur egungo egoera kontutan hartuta horrelako txapelketa antolatzeak meritu handia dauka".
 
Iraurgi Cup kirol klubaren helburuak bizi-jarrera eta balore positiboak transmititzea eta oinarrizko futbola sustatzea dira, besteak beste. Horrez gain, ekainerako antolatutako txapelketa "Euskal Herri eta estatu
mailan erreferentzia duen txapelketa" izatea nahi dute, "joku-estilo desberdinak ezagutuz eta agian etorkizunean talde profesionalak osatuko dituzten kirolariak ikusiz".
 
Txapelketa laguntzen parte hartu dutenek ere helburu horiexek nabarmendu dituzte. "Txapelketak duen proiekzioak aberastasun soziala eta ekonomikoa ematen dio bailarari eta herriari eta gainera, gure haurren artean kirolaren eta elkarlanaren balioak eta baloreak zabaltzen ditu", esan du Kutxabankeko Carlos Ruizek.
 
Antolatu duten txapelketagatik zoriondu ditu Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak Iraurgi Cup-ekoak, "jende asko biltzen duen txapelketa bat antolatu duzue eta ekimen honek jendea Azpeitira ekarriko du herria ezagutaraziz".