Euskal Herrian "parekorik ez" duen Iraurgi Cup txapelketa antolatu dute ekainerako

Urola Kostako Hitza 2011ko mar. 24a, 11:03
Iraurgi Cup Elkarteko kideak, ekimenaren antolatzaileak. (Iraurgi Cup Elkartea)

Espainiako, Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko 20 talde alebin izango dira bailaran

Ekainaren 17tik 19rako asteburuan jokatuko da

Ekainaren 17tik 19rako asteburuan Euskal Herri osoan "parekorik ez" duen futbol txapelketa jokatuko dute aurrenekoz: Iraurgi Cup alebinen txapelketa. Hala adierazi dute antolatzaileek.

Azken lau urteetan Azpeitian Anaiarteko Futbol 7 Txapelketa jokatu izan da. Inguruko taldeek hartu izan dute parte horietan eta, aurten, beste lurralde batzuetan egiten diren antzeko esperientziak ikusi eta aztertu ondoren, Iraurgi Ikastetxeko guraso talde batek, Meliton Rodriguez zuzendari-koordinatzaile lanetan jarrita, "jauzi kualitatibo eta kuantitatibo garrantzitsua ematea" erabaki du. Eta proiektu hau garatzeko, Iraurgi Cup Kirol Kluba sortu zuten urtarrilean.

Hala, txapelketa Azpeitiko instalazioetatik haratago, Azkoitira ere zabalduko dute, Iraurgi bailarara beraz, eta Euskal Herriko taldeez gain, Espainiako zein Herrialde Katalanetako izen handiko taldeak etorriko dira; Bartzelona, Valentzia edo Sevilla, esaterako. Iraurgi Cup Euskal Herri mailan "erreferentziako txapelketa" bihurtu nahi dute.

Balore onak sustatzea xede

Futbola ulertzeko eta jokatzeko "modu desberdinak ezagutzeko" aukera emango du txapelketa honek, baita jokalari, teknikari eta laguntzaileen artean "esperientziak eta ezagutzak elkar trukatzeko" aukera ere. Gainera, etorkizunean talde profesionalak osatuko dituzten kirolariak nortzuk izan daitezkeen ere ikusi ahal izango da. Helburu garrantzitsua izango da, hastapen futbola "etorkizuneko edozein kirol proiekturen oinarri dela eta ahalegin eta arreta handia eskatzen duela erakustea". Bestalde, ikusleei "kalitatezko txapelketa" bat eskaintzea dute helburu eta, batez ere, "kirola egitea eta bere balioak sustatzea, gure gizarteak dituen mehatxuak (drogak, alkohola, intolerantzia, xenofobia, estresa, gizentasuna eta abar) baztertzeko modu gisa". Guztiaren gainetik, ordea, "bertaratzen diren denek ondo pasatzea eta gozatzea" da antolatzaileen helburua.

Asteburu osoko ekimena

Iraurgi Cup txapelketa ekainaren 17tik 19ra jokatuko da, Azpeitiko eta Azkoitiko belar artifizialekozelaietan. Futbol 8ko txapelketa izango da, eta alebin mailako 20 taldek hartuko dute parte mutilen txapelketan. Nesken txapelketa infantil mailako sei talderen artean jokatuko dute, alebinen talderik ez dagoelako. Jokalarien eta talde teknikoen artean 400dik gora lagunek hartuko dute parte.

Ostiralean nesken txapelketa jokatuko dute, mutilen taldeak iristen ariko diren bitartean. Larunbatean mutilen arteko liga faseko partidak jokatuko dituzte, goizez eta arratsaldez. Igandean, berriz, kanporaketa fasea jokatuko da, final laurdenak, finalerdiak eta, azkenik, final handia.

Asteburu horretako ekimenez aparte, ordea, txapelketa osatzeko beste bi jarduera antolatu dituzte. Maiatzean hastapen futbolari buruzko mahai-ingurua izango da futboleko hainbat jokalari eta entrenatzaileren eskutik. Irailean, berriz, Azkoitiko eta Azpeitiko futbolari buruzko argazki erakusketa izango da.

Tamaina handiko proiektua

Euskal Herrian "erreferentziazkoa" izan nahi duen txapelketa hau antolatzen hasi zirenean, proiektua asko handitzen zela ikusi zuten antolatzaileek. Aurrekontua ere gora zihoan, ezinbestean. Baina, hala eta guztiz ere, aurrera egitea erabaki zuten eta antolaketa lan horretan "babes eta laguntza handia" jasotzen ari dira; izan ere, Lagun Onak eta Anaitasuna kluben, Realaren eta Ikasberri Kirol Elkartearen laguntza jasotzen ari dira. Gainera, Azpeitiko Udalak, Azkoitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere babes osoa agertu die antolatzaileei. Azkoitiko eta Azpeitiko enpresa eta denda askoren laguntza ere jasotzen ari direla jakinarazi dute, eta "laguntza hori guztia izugarri estimatzen" dute.

Iraurgi Cup Elkarteko kideak ziur daude "ekimen honek herriari mesede egingo diola, haurrak normalean gurasoekin etortzen dira eta hainbeste jende Azpeitian ta Azkoitian asteburu oso batean ibiltzea positiboa izango da herrientzat", diote. Taldeei herrietako turismo informazioa bidali diete, behin etorrita, inguruak ezagutu ditzaten.