Iñigo Saizar: "Mantentzea izaten da Lagun Onaken helburua"

Uztarria.eus 2012ko mai. 11a, 20:10
Iñigo Saizar, Lagun Onak futbol taldeko kapitaina.

Lagun Onakek bihar, zapatua, jokatuko du Espainiako Hirugarren Mailako futbol ligako azken partida, Durangon (18:00). Aurreko aste bukaeran matematikoko mailari eustea ziurtatu ondoren, denboraldia lasai agurtzeko moduan dira azpeitiarrak. Iñigo Saizar kapitainak taldeari "nahiko luze" egin zaion denboraldiaz hitz egin du Uztarriarekin.

Lagun Onaken talde nagusian hamaika denboraldi osatu ditu orain bukatzear denarekin Iñigo Saizarrek (Azpeitia, 1981). Taldeko kapitaina da eta beteranoenen artean bigarrena, David Tejera atezainaren atzetik. Datorren denboraldiari begira bere etorkizuna ez du oraindik argitu.

Uste baino gehiago kostatu al zaizue mailari eustea?

Azkenaurreko jardunaldian salbatu gara eta nahiko luze egin zaigu, atzean ibili gara eta. Gabonak arte nahiko ondo ibili ginen, baina bigarren itzuli txarra egin dugu eta larri-larri ibili gara.

Arrazoi jakinen bat aipatzekotan, sufrimendurako?

Partida batzuk izan ditugu irabaztekoak zirenak, baina asko berdindu egin ditugu eta berdinketarekin puntu bakarra dago, jokoan hiru egoten direnean.

Golak egiteko zailtasunak izan dituzue, baina egin ere, gutxi egin dizkizuete.

Bai, asko kostatzen zaigu gola egitea; baina alde ona ere badugu, geuri golak egitea ere asko kostatzen dela. 0-0, 1-0, 0-1... hortxe ibiltzen gara. Hirugarren Mailan hor goian ibiltzen direnek aurrean edukitzen dute jende ona. Guk ere jende ona daukagu, baina aurten kostatu egin zaigu. Iaz, adibidez, errazago ibili ginen. Boladak ere izaten dira; batzutan ia ezer egin gabe golak egiten dituzu eta hurrena, berriz, egundoko aukerak izan eta ezin sartu. Azken finean, boladak izaten dira, edo urteak... Izan ere, iaztik hona taldean oso aldaketa gutxi egon da.

Denboraldiaren balantzea egiterakoan, zerekin geldituko zinateke, zer nabarmenduko zenuke?

Mailari eutsi diogula eta beste denboraldi batez Hirugarren Mailan lehiatzeko aukera izango dugula.

Hori al zen helburua?

Bai, helburu hori izaten du Lagun Onakek. Beste batek igoal beste zerbait esango dizu, baina mantentzea izaten da helburua. Hainbat taldetan, hor goian ibiltzen direnetan, diru asko mugitzen da, eta Azpeitia bezalako herri batean zaila da.

Denboraldi honetan zuzeneko jaitsierako hiru postuak saihestea ez zen nahikoa, gainera.

Aurten Lemoa jaitsi egingo da 2. B-tik eta horrek esan nahi du Hirugarren Mailatik ere talde bat gehiago joango dela behera. Eta hori gutxienez, Reala B eta Real Union ere azken jardunaldira arte ez jaisteko borrokan ibiliko direlako. 2. B mailako sailkapenari begiratu behar izaten zaio beti, euskal taldeak jaisteko arriskuan dabiltzanean. Bestela, denboraldi honetan, Lagun Onak ere orain dela bost bat jardunaldi egongo zitekeen jaitsieratik salbu; baina Lemonaren jaitsiera garbi zegoenez, azken momentura arte egon behar izan dugu borrokatzen.

Zuzendaritzan aldaketa izan duzue klubean denboraldi erdian. Horrek eragin al dio taldeari eta, eragitekotan, nola?

Taldeari ez dio aparteko eraginik egin. Aurreko denboraldian kobroetan-eta atzerapen handiak izan genituen eta, alde horretatik, uste dut guretzat aldaketa onerako izan dela. Jendea askoz ere lasaiago dago.

Maila pertsonalean, zer moduz ikusi duzu zeure burua?

Beno, hortxe, erdipurdi. Lesio bat izan nuen, beste zenbait partida ere galdu ditut... Baina, beno, bestela ondo. Partida dezente jokatu dut, azkenean.