Lagun Onak Futbol Elkarteak zuzendaritza berritua aurkeztu du

Uztarria.eus 2011ko abe. 19a, 17:12
Lagun Onaken zuzendaritza berria: ezkerretik eskubira, goian, Iñaki Uranga, Aitor Zulaika, Juan Godoy, Mikel Izurieta, Edurne Illarramendi eta Elvira Morejon; behean, Iñaki Ansola eta Ricardo Amubieta.

Klubaren egungo egoeraren berri eman eta etorkizunerako erronkak aurkeztu dituzte Mikel Izurieta lehendakariak eta Aitor Zulaika kirol zuzendariak

Zorrari buelta emateko hartuko dituzten neurriak ere zehaztu dituzte

Urriaren 31ko bazkideen batzarrean aurreratu bezala, Lagun Onak Futbol Elkarteak aurkeztu du zuzendaritza berritua. Joan den larunbatean, abenduaren 17an, klubeko hainbat kide, bazkide, erakunde -Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Federazioko ordezkariak bertan ziren- eta kazetarien aurrean agertu ziren batzordekide berriak.

Mikel Izurieta (lehendakaria eta koordinazioaren arduraduna), Aitor Zulaika (kirol zuzendaria), Iñaki Uranga, Ricardo Amubieta, Iñaki Ansola (hiru horiek zelaiaren gestioaz eta ekitaldiez arduratuko direnak), Juan Godoy (azpiegiturak eta erosketak), Edurne Illarramendi (prozesuak eta gurasoekiko dinamikak) eta Elvira Morejon (administrazioa eta prozesuak) dira momentuz zuzendaritza berrirako baieztatuta dauden zortzi kideak. Bederatzigarren kide bat, komunikazio atalaz arduratuko litzatekeena, falta zaie zehazteko; arlo horretako arduraduna urtarrilean baieztatzeko moduan izatea espero dutela aurreratu zuen Mikel Izurietak. Zuzendaritza batzordearen laguntzarako taldea ere eratua dute, tartean aurreko zuzendaritzako kide eta laguntzaile batzuk ere badirela.

Agerraldian, klubaren egungo egoeraren berri eman eta etorkizunerako erronkak aurkeztu zituzten Mikel Izurieta lehendakariak eta Aitor Zulaika kirol zuzendariak, bere garaian bazkideen batzarrean aurreratu zituzten ildoetan sakonduz. Horrela, gaur egun kirol arloa da klubaren arlorik sendoena eta egonkorrena. Arlo sozialean eta antolakuntzan zer hobetua badutela uste dute arduradun berriek baina arlo ekonomikoa da "egoera txarrenean" dagoena. "Hartu dugun zorra oso astuna da", esan zuen Izurietak. 68.000 euroko zorra du Lagun Onak Futbol Elkarteak eta, "egoera ekonomiko orokorra oso zaila dela" kontuan hartuta, "aurrekontua orekatzea" da zuzendaritza berriaren aurreneko erronka.

Zorrari buelta emateko hartuko dituzten neurriak ere zehaztu dituzte. Gastuak murrizteko, besteak beste, entrenatzaile eta jokalariei jasotzen duten dirua %35 murriztuko zaie, eta garraioan ere autobusaren erabilera erdira jaitsi nahi dute. Diru-sarrerak indartzeko, berriz, erakundeen laguntzaren beharra azpimarratu du Lagun Onaken zuzendaritza berriak, baina ez hori bakarrik. Babesle berriak lortu nahi dituzte (batzuk dagoeneko baieztatuta dituzte), orain arte Hirugarren Mailako taldearen partidetan bakarrik egiten zituzten zozketak Preferenteko eta jubenilen partidetara ere zabalduko dituzte, eta publizitateari eta bazkidetzari ere bultzada berria emango diete, kudeaketa eta kobroak eguneratuz eta bazkidetza kanpaina baten bidez.

Elkartea osatzen duten kide guztien partaidetza aktiboa sustatu nahi dute Lagun Onaken, teknikari, guraso zein jokalariena. Era berean, herriko eta bailarako gainerako kirol erakundeekin hartu-emanak indartu nahi dituzte eta, klubaren erreferentzialtasuna indartu asmoz, komunikazio plana ere jarriko dute abian; besteak beste, webgunea indartzea dute asmoa.