Ibai Angulok hamargarren postua eskuratu du Espainiako Txapelketan

Maialen Etxaniz 2024ko mai. 6a, 16:24

Angulo larunbatean jokatutako Trencacims lasterketaren helmugan. (I.Angulo)

Urrestillakoak Espainiako Txapelketan hamargarren postua eskuratu zuen larunbatean jokatutako Trencacims lasterketan, junior mailan. Angulok azaldu duenez, ez zuen sentipen onekin amaitu proba. Dena den, emaitza "baliagarri" izango zaio Espainiako Koparako. Orain, igandean jokatuko duen Euskal Herriko txapelketa du jomuga. Pello Ziarzolo errezildarra, bere aldetik, jubenil mailan lehiatu zen, eta hamalaugarren sailkatu. 

Ibai Angulok hamargarren amaitu du junior mailako Lineako Espainiako Txapelketa. Joan den asteburuan jokatu dituzte Espainiako Lineako CxM banakako Txapelketa eta Espainiako Koparen barruko bigarren jardunaldia Paüls-en (Katalunia), Trencacims lasterketan. Junior mailako korrikalariek, 17 kilometroko eta 1.250 metroko desnibeleko proba osatu behar izan zuten, eta Angulok hamargarren amaitu zuen sailkapenean.

Espainiako aurreneko hamarrekoan sartu den arren, Urrestillakoak sentipen gazi-gozoak erakutsi ditu probaren biharamunean. "Jakin-min eta motibazio asko nituen aurtengo txapelketa honetarako. Aldiz, lasterketan ez nuen gustuko sentipenak izaterik lortu, eta guretzako ohikoak ez diren beroak zein lursailek lekuz kanpo utzi ninduten", azaldu du Angulok. "Psikologikoki ahalegin handia" eginda lortu zuen hamargarren postua, baina ahalegin horri esker puntuak irabazi ditu Espainiako Koparako; izan ere, larunbateko lasterketa puntuagarria da kopako sailkapenerako. Ildo horretatik, pozik agertu da: "Non gauden ikusteko ta asko hobetzeko aukera ematen digute horrelako lasterketek, ta bide hori aprobetxatu behar dugu gorantz jarraitzeko". 

Orain, Euskal Herriko Txapelketan dauka burua Angulok. Datorren asteburuan, maiatzaren 12an, Kanpezu Ioar mendi lasterketan jokatuko dute Euskal Herriko Txapelketa. 

Pello Ziarzolo errezildarra ere lehiatu zen Trencacimsen, jubenil mailan. Angulo bezala, Euskal Selekzioarekin aritu zen Ziarzolo, eta bere mailan hamalaugarren postua eskuratu zuen. Ziarzolok ere Euskal Herriko txapelketa jokatuko du datorren asteburuan.

Euskal Selekzioko kideak, larunbatean, Paüls-en. Ziarzolo, behean, ikurrinarekin. Angulo, goian, erdian. (Utzitakoa)