Zer sinbolizatu nahi izan dugu...

Erabiltzailearen aurpegia \N 2019ko eka. 24a, 10:28
Zer sinbolizatu nahi izan dugu aste honetan zehar herriko toki ezberdinetan agertu den hilkutxarekin? \ \ Urtebete igaro da Azpeitian apustu etxearen aurkako ekimenekin hasi ginenetik, eta modu askotara salatu dugu negozio honek herritarrei eragiten dizkien kalteak. Enpresa gutxi batzuk dirutza handiak irabazteko pentsatu eta ireki dituzten lokal hauek ondorio latzgarriak dituzte herritar askoren osasunean eta egoera ekonomikoan. Apustu etxeek jendearengan adikzioa sortzeko teknikak darabiltzate, eta apustuen merkatua goraka doan hein berean goraka doaz berauek sortzen duten adikzioaren ondorioak. \ \ Hilkutxaren ekimenaren bidez kasurik gehienetan ezkutuan eta estigmatizatua gelditzen den errealitatea jarri nahi izan dugu mahai gainean, ludopatia arazoen ondorioz bere buruaz beste egiten duten pertsonena hain zuzen ere. \ \ Joku patologikoaren desesperazio fasean ohikoa da suizidioaren ideiak garatzen joatea. Hainbat adituk egindako lanetan irakur dezakegu fase honetan dauden pertsonen %90ak izaten dituela suizidioaren ideiak, eta jokuan adikzioa duten pertsonetan ez dutenetan baino %60 handiagoa dela suizidioaren ideia. \ \ Heriotza hauek ez daude kontabilizatuak, ez dago inolako daturik eta erabat isilean pasatzen dira. Ondorioz ez zaio inolako arretarik jartzen heriotza hauen jatorriari, eta ez da inolako neurririk hartzen berriro gertatu ez daitezen. Baina errealitate bat dira, askok ezagutzen ditugu antzeko kasuak, eta gaiari serio eusteko unea dela pentsatzen dugu Elkar-ekinetik. \ \ Suizidioari aurre egiteko plan estrategikoa abiatu berri du Eusko Jaurlaritzak. Baina jokuaren gaiari dagokionez ez dirudi erakunde honek arazoaren erroetara joateko asmo handirik duenik. Langile auzoetan apustu etxe berriak irekitzen ari dira (Azkoitian ireki berri dute bat), ludopatia gora doa modu berezian gazteen artean, eta etorkizunera begira egoera larriagotzen joango dela bistan da. Gaur gaurkoz Osakidetzak ezin die erantzun patologia honen ondorioz bertaratzen diren herritar askoren beharrei. \ \ Dirua pertsonen bizitzen gainetik jartzearen adibide argia da apustuen merkatuena. Berriz esango dugu, apustuen merkatuak goraka doazen heinean hazten joango dira bere ondorioak ere: Muturreko pobrezia egoerak, tratamendua behar duten pertsonak, pentsamendu suizidak dituzten pertsonak, eta muturreko egoerara iritsita bere buruaz beste egiten dutenak. \ \ Ez diegu utziko gure bizitzen jokatzen. \ \ Elkar-ekin