EITBk apustu etxeen publizitatea debekatu izana txalotu du Elkar-ekinek

Erabiltzailearen aurpegia \N 2019ko mai. 3a, 10:39
Elkar-ekin taldetik iazko uztailean ekin genion apustu etxearen aurkako kanpainari, Euskal Herriko beste zenbait auzo eta herrik egin bezala. Apustuen merkatuen atzean dauden interes ekonomikoak seinalatzea eta jarduera honen arrisku eta ondorioez ohartaraztea izan dira gure lanaren bi oinarri nagusiak. Herrian ahalik eta babes sozial zabalena osatzen saiatu gara bide horretan. \ \ Azken hilabeteotan gaiari loturiko eztabaida handia ezagutu dugu, eztabaida honek gizarte eremu ezberdinak astindu dituelarik. Poliki-poliki lorpenak ere ikusten ari gara. Errealeko bazkideek taldeak apustu etxeen publizitaterik ez eramatea erabaki zuten galdeketa bidez abenduan. Atzo jakin genuen EITBk ere debekatu egin dituela apustuei loturiko iragarkiak. Debeku honen letra txikia aztertzekoa dela kontuan izan arren (kirol emankizunetako publizitate estatikoari dagokiona adibidez), albistea urrats garrantzitsua dela pentsatzen dugu Elkar-ekinen.\ \ Herrian bertan ere lorpenak izan ditugula uste dugu. Batetik, eztabaida oso interesgarria eman da eremu ezberdinetan. Bestetik, apustu etxean oso jende gutxi dabil eta bere inguruan hesi sozial bat eraikitzea lortu dugu denon artean. Azkenik, herriko taberna batek apustu makina kendu du tabernatik, eta albisteak ohiartzun zabala izan du.\ \ Presio soziala beharrezkoa izan da gauza horiek lortzeko, eta aurrera begira egin beharreko bidea zein den erakusten digute lorpen horiek: kanpaina eta ekimen hauekin jarraitzea, hain zuzen ere. Presio soziala handitzen dugun heinean. emaitzak biderkatzen joango gara.\ \ Gure txikian eragiten jarraituko dugula adierazi nahi dugu Elkar-ekineko kideok. Batetik, herriko tabernetan dauden apustu-makinen inbentarioa amaitzen ari gara, eta laster zabalduko dugu horren gaineko informazioa. Bestetik, apustu etxearen aurkako ekimen berriak egingo ditugu datozen hilabeteotan. \ \ Orain arte bezala, bide hau herritarrekin batera egiten saiatuko gara.