Ekonomia Feminista Foroa hartuko du Azpeitiak martxoaren 25ean

Erabiltzailearen aurpegia Emakumeen Txokoa 2017ko mar. 15a, 17:12
Euskal Herriko Bilgune Feministak Ekonomia Feminista Foroa antolatu du martxoaren 25erako, Azpeitian. Goizez Sanagustin kulturgunean, eta arratsaldez Emakumeen Txokoan eta Gaztelekuan izango dira 10:00etatik 18:00etara luzatuko den jardunaldirako prestatu dituzten hitzorduak. Izena emateko epea irekita egongo da aste honetan zehar.\ \ Hona hemen ekimenaren informazio osatua, Euskal Herriko Bilgune Feministaren webgunetik ateratakoa:\ \ \"Aldaketaren beharraz hitz egiten da han eta hemen. Baina aldaketen norabideak erabat kontrajarriak izan daitezke. Sistema kapitalistak bortxaz ekarri gaitu egungo eszenatokira, hala ere, guri dagokigu egoera hau aukera gisa ulertzea, eta horretarako, aldaketa definitu eta norabidetu egin behar da. Feministok kapitalaren amaigabeko metaketa jendartearen antolaketaren erdigunetik bidali, eta bizitza ona ahalbidetzen duten jarduerak erdigunera ekartzeko egiten dugu apustu.\ \ Bilgune Feministaren 15. urteurrenaren harira antolatu ditugun ekimenen baitan ezin genuen eztabaida hau kanpoan utzi eta horretara dator martxoaren 25eko ekonomia feminista foroa: gure herrian bizitza ona kolektiboki ezaugarritzeko urratsak egin eta, burujabetza feministaren norabidean, bizi ditugun gurutzada neoliberalen aurrean feminismotik irekitzen diren erresistentzia eta alternatibentzako gakoak aztertu. Eguna kapitala eta bizitzaren arteko talka gure gorputzetan kartografiatzeko gogoeta kolektibo batekin hasiko dugu. Ondoren, bestelako harreman ekonomiko, politiko eta sozial ereduak eraikitzeko bideak arakatuko ditugu, mahaiaren bueltan izango ditugu: Cristina de la Cruz (REAS Ecosolfemeko kidea), Helena Franko (EHUko ekonomia irakasle eta Ogasun diputatu ohia), Mari Luz Esteban (EHUko gizarte antropologia irakaslea) eta Silvia Carrizo (Malen Etxeako kidea). Arratsaldean, berriz, hainbat tailer izango dira, feminismotik martxan jartzen ari garen erresistentzia eta alternatiben kantoiak deiturikoak. Kantoietan, besteak beste, parada izango dugu proiektu hauek bertatik bertara ezagutzeko: Etxalde, Gipuzkoa Zutik, Fracking Ez, ELA eta LAB sindikatuak, SAD Babel etxeko langileen elkartea, Sexu langileen ahalduntzerako proiektua, Bartzelonako Vaga de totes ekimena, Olatukoop, Lakari, Lastotan elkarbizitzarako kooperatiba, Errekaleorreko Errekaemeak talde feminista, 'Arquitecturas del cuidado' ikerlana, Comunitat autofinancera de dones del Penedès emakumeen autofinantziazio sarea, Koop 57, Denbora politiken inguruko gogoeta eta 'Amatasunak, ekonomia eta komunitatea: egitate biologikotik politikora' Iruñean antolatutako jardunaldiak.\ \ Foroa Azpeitiko Sanagustin kulturgunean izango da goizean eta arratsaldeko tailerrak, aldiz, Azpeitiko Emakumeen Txokoan eta Gaztelekuan izango dira. Goizeko 10:00etatik aurrera hasiko da foroa, eta 18:30era arte luzatu. Haurrentzako gunea egonen da eta irisgarritasuna bermatuko da. Bazkaria bertako elikagaiekin prestatuko da, elikadura burujabetzarekiko konpromiso politikoa dugulako. Emakumeentzako* ekimena izango da.\ \ Indarrak gurutzatu, batu, biderkatu, hedatu. Indar bat badabil hor... Ez dadila alferrik izan, baliatu dezagun bizitza erdigunera ekartzeko.\ \ * Emakume kategoria erabiltzen jarraitzen dugu gure egungo errealitatean politikoki eragiteko oraindik baliagarria delakoan, nahiz eta sexu-genero sistemak markatzen duen binomioaz gaindi bizipen, ibilbide, ahalmen eta identitate anitzak ere bagaren (bollerak, trans...)\".