Joan den asteburuan, martxoaren 11n eta 12an, Iker Aizpuru igerilari azpeitiarra Oviedon (Asturias, Espainia) izan zen Euskadiko selekzioarekin absolutuen mailako Igeriketa Egokituko Autonomia Erkidegoen arteko Espainiako Txapelketan parte hartzen.\
\
Euskadiko selekzioa 13 igerilarik osatzen zuen, 10 gizonezko eta 3 emakumezko, eta iaz bezala, bosgarren postua lortuta itzuli ziren etxera. \
\
Aizpuruk bakarkako probetan honako postuak lortu zituen:\
\
50 metro bizkarren, 36. postua.\
100 metro bizkarren, 38. postua.\
200 metro bizkarren, 12. postua.\
100 metro bularren, 27. postua.\
200 metro estiloetan, 13. postua.\
\
Horiez gain, erreleboetan ere parte hartu du Izarraitzeko taldekideak.\
\
4×100 metro librean, Euskadik 5. postua.\
4×100 metro estiloan, Euskadik 4. postua.\
\
Igerilari azpeitiarra absolutu mailan Euskadiko selekzioarekin aritu den aurreneko aldia izan da asteburukoa, eta hala ere, txapelketa bikaina egin du. Orain, berriro, eguneroko entrenamenduak egitea tokatzen zaio hurrengo lehiaketak prestatzeko.\