Birziklagarria zen hondakinen %86,2 errefusaren edukiontzian, eta birziklaezina %13,8 bakarrik

Azpeitiar12 2016ko eka. 27a, 11:37
Ekainaren 18an Ingurumena Herritik eguna izan zen Azpeitian, Piztu eta Elkar-ekin taldeek antolatuta. Bertan, ekimen ezberdinak egin zituzten hainbat eragilek, horien artean Urola Erdiko Mankomunitateak. Esaterako, honako ekintza hauek egin ziren:\ \ Batetik, errefusaren edukiontzi bat karakterizatu zuten hainbat herritarrek. Hau da, edukiontzi gris bateko hondakinak aztertu, sailkatu eta frakzio bakoitza pisatu zuten. Zazpi frakziotan banatu zituzten edukiontziko 54,5 kilo hondakinak: organikoa, ontzi arinak, papera eta kartoia, arropa, garbiguneko gailuak, beira eta errefusa. Birziklagarria zen hondakinen %86,2, hots, soilik errefusaren edukiontziko %13,8 zen errefusa, hondakin birziklaezina alegia. Horrek esan nahi du oker sailkatzen ditugula hondakinak, eta birzikla daitezkeen hondakin ugari zabortegira botatzen ditugula. \ \ Horren harira, herritarrei dei egiten diegu Mankomunitatetik hondakin bakoitza sailkatzeko eta dagokion edukiontzira botatzeko, ohitura horrekin ingurumena eta gure osasuna zaintzen baitugu.\ \ Bestetik, konposta egiten duten herritarrei omenaldi xume bat egin zitzaien Sanagustin kulturgunean, urte osoan zehar egiten duten lana eskertzeko. Ondoren, mokadutxo goxo bat dastatzeko aukera ere izan zuten. \ \ Hondakin organikoa konpostatzen dutenek, hondakinak sorlekutik gertu kudeatzen dituzte, horien garraioa saihestuz. Auzo-konpostazea eta autokonpostatzea hondakinak kudeatzeko modurik jasangarriena da, eredu bat guztiontzat. Konpostzeari buruzko informazioa nahi duten herritarrek konposta@urolaerdia.eus helbidera idatzi edo 943-85 73 19 telefonora deitu dezakete.