Gabon hauetarako kontsumo modu ezberdina proposatu du Elkar-ekinek bigarren eskuaren bidez

Bi hilabete igaro dira Soreasuko Elkargunea ireki genuenetik. Elkartasuna, merkatu modu justua eta berrerabilpena bultzatzea helburu dituen gune honetan arropa bankua, bigarren eskuko azoka eta herriko artisauen lanak aurkitu ditzakegu egun. \ \ Gaur gaurkoz asko gara bertan auzolanean dihardugun pertsonak, injustizia egoerak bizi dituztenekiko elkartasuna antolatuz eta injustizia egoera hauek gainditzeko eredu berriak proposatuz. \ \ Gabonak gainean ditugun honetan herritarrok ahalik eta gehien kontsumitzera bultzatuko gaituzte aurtengoan ere, gure garunetaraino sartzea helburu duten publizitate kanpaina handien eta ondo diseinatuen bidez.\ \ Baina ez dugu ahaztu behar gure gizartean nagusi den kontsumo ereduaren atzean zer dagoen. Non, nork eta zein baldintzatan ekoizten dituen guk erosiko ditugun materialak. Gutxiengo baten kontsumo neurrigabe honek munduko biztanleen gehiengoari kaltea baino ez dakarkio. Haurren esplotazioa, herrialde txiroen ustiaketa neurrigabea, energiaren xahutzea, naturaren degradazioa, interes ekonomikoetan oinarrituriko gerrak... Hau da saldu nahi diguten zoriontasunaren atzean ezkutatzen dena. Hori da kapitalismoaren itzalean ezkutatzen dena.\ \ Egoera hau iraultzea denon esku dago, eguneroko keinu txikiekin aldatuko baitugu gizartea. Bide hori gure herritik egitea dagokigula uste dugu Elkar-ekinen bueltan gabiltzanok. Aldaketa txiki askoren baturatik etorriko dira aldaketa handiak, eta aldaketa txiki horiek eman daitezen gutako bakoitzaren parte hartzea garrantzitsua izango da.\ \ Zentzu honetan, Gabon hauetarako ere bestelako kontsumo eredua proposatzera gatoz, bigarren eskuko materialen berrerabilpena bultzatuz eta kontsumo burujabearen alde eginez. Bigarren eskuko azoka eta tokiko ekonomia landuz, elkarlanetik merkatu soziala zabaldu nahi dugu Azpeitian. \ \ \ Horretarako, honako aukerak zehaztu ditugu datozen egunetarako:\ \ ABENDUAK 18 (Ostirala)\ Lekua: Soreasuko Elkargunea \ Ordutegia: 16:00etatik 20:00etara\ \ ABENDUAK 19: \ \ Lekua: Sanjoandegi, Azoka Herritik ekimenaren baitan\ Ordutegia: 10:00etatik 14:00etara\ \ Gogora ekarri nahi dizuegu aukera duzuela etxean soberan duzuen materiala Elkargunera ekartzeko, bai donazio bezala, bai prezio duin bat ezarrita. Elkargunean ateratzen den diru guztia herritarren arteko elkartasuna bultzatzeko eta alternatiba ekonomiko berriak abiatu eta laguntzeko erabiliko da.\ \ * Data hauek igaro ondoren, Elkargunea itxita egongo da hilabetez. Urtarrilaren 22an irekiko dugu berriz. Tarte hau lokala txukuntzen eta dagozkion aldaketak egiten emango dugu, gure jarduera hobetzeko helburuarekin. Gurekin harremanetan jarri duenak helbide honetara mezu bat bidaltzea besterik ez du: elkar_ekin@hotmail.com\ \ Azokaz gain honako egitaraua prestatu dugu gabon hauetarako, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean.\ \ ABENDUAK 29:\ \ Mahaingurua: \ \ Begirada bat Ekialde hurbilari, Carlos Zurutuza eta Mikel Aiestaran kazetarien eskutik.\ \ Arratsaldeko 19:00etan Sanagustinen.\ \ Antolatzaileak: Sanagustin, Hitza, Uztarria eta Elkar-ekin\ \ ABENDUAK 30:\ \ Dokumentala: “Gure kabuz edo hil” \ \ Euskal Herriko 24 alternatiba ekonomiko jasotzen dituen dokumental berriaren aurkezpena eta solasaldia.\ \ Arratsaldeko 18:00etan Gaztetxean \ \ Antolatzaileak: Gaztetxea, Bizi! Dinamika, Ernai eta Elkar-ekin.