Xoxoteko bertikala, Caceres, Gipuzkoako Pista Estaliko Txapelketa...

Erabiltzailearen aurpegia Xeye Atletismo Taldea 2015ko mar. 4a, 14:21
Bete-beteko asteburua izan du oraingoan ere taldeak eta ondorengo hitzetan bizitako momentu gozoak azalduko ditugu. Batzuk Caceresen Espainiako Taldekako Txapelketan, beste batzuk pistan eta besteak Xoxoteko Bertikalean.\ \ Martxoan sartzearekin batera gure hainbat taldekidek mendi lasterketen denboraldi berriari hasiera eman zioten. Azkenengo urte hauetan bezala, zita Azpeitian izan zen, Xoxote mendiaren magalean egin den Zuzenien Bertikalaren beste edizio batean. Aurtengoarekin jada zazpigarren edizioa izan da, lan bikaina egiten ari diren seinale. \ \ Aurtengo edizioak bi nobedade nagusi zituen, batetik Euskal Herriko bertikaletako txapeldun berriak erabakiko zituen kategoria ezberdinetan. Bestetik, ibilbide berria. Lasterketa Frontoi Txikiaren parean hasi eta San Inazioren estatuan bukatzen zen, aurreko urteetakoa baino distantzia luzeagoarekin. 3.300 metroko distantziari eta 825 metroko desnibelari egin behar izan zioten aurre izena emana zuten 209 parte-hartzaileek. Horretaz gain, aipatzekoa da aurreko egunetan egin zituen euri jasen ondorioz ibilbidean zehar pilatutako lokatza izugarria izan zela, eta horrek lasterkarien lanak oraindik eta gehiago gogortu zuen.\ \ Gure taldetik lau ordezkari izan genituen: Xabier Lasa, Joseba Ortega, Ioritz Goenaga eta Josu LarraƱaga. Lasak, izugarrizko lasterketa egin ondoren, sailkapen orokorrean laugarren postua lortu zuen, 35:45eko denborarekin. Benetan goraipatzekoa Lasak egindako lana, kontuan hartuta probako parte-hartzaileen artean zegoen maila oso handia zela. Urtea joan, urtea etorri, lasterketa honetan lan bikaina egiten du azpeitiarrak. Joseba Ortegarena ere ez zen lehenengo urtea lasterketa honetan eta 44:45eko denborarekin iritsi zen San Inazioren estatuaraino, ibilbideko lokatzei eta gogortasunei aurre egin ostean. Lasterketa polita berarena. Ioritz Goenagari dagokionez, aipatzekoa da aurtengoa bere seigarren agerraldia izan dela Zuzenien proban; edizio batean ezik, beste guztietan izan dugu azkoitiarra. Aurreko urtean izugarrizko lasterketa egin ondoren, aurten ez zetorren bere onenean baina, hala ere, beste behin erakutsi du bertikaletan zeresana eman dezakeela. 42:16ko denbora aipagarria egin zuen. Iosu LarraƱagari dagokionez, nahiz eta lasterketa luzeagoetan moldatzen den egokien, ez zuen hutsik egin herrian zuen zitarekin. Oso ondo ari da entrenatzen eta pena pixka bat bazuen, emaitza hobea egiteko prestatuta baitago, dudarik gabe. Lasai, Josu, hurrengoan zure maila erakutsiko duzu eta!\ \ Xoxote alde batera utzi eta orain taldekide batek Caceres aldean bizitakoa nolakoa izan zen kontatuko dugu, aupa mutilak!\ \ \"Ederra izan da aste bukaera honetan izan dugun talde giroa Caceresko Espainiako Kluben Txapelketan. Ederto pasatu dugu bai lagun giroan, baita ikusi eta bizitako esperientzia honetan ere.\ \ Denontzat izan zen esperientzia bat eta gaineratu beharra dut gutako batentzat, Amets Aranberrirentzat, lehenengo bizipena izan zela; eta ez zuen gero estreinaldi txarra izan, erdialdean sailkatu baitzen bere lehenengo Espainiako Txapelketan. Puntuak irabazteko garrantzitsua izan zen bere postua, taldeka 25. postuan sailkatu baikinen, 51 parte-hartzaileetatik. Aurreko urteko gure taldeko juniorren postua baino bi postu atzerago; sailkapen ona da maila handiko lehiaketa bat izan zelako. Postu horren zergatia erregulartasuna izan zen, lehenengo lau taldekideok antzera amaitu baikenuen. Zirkuituari dagokionez, espero genuen bezala, zirkuitu lehorra eta aldapa handirik gabekoa zen, baina hala ere latza egin zitzaigun.\ \ Bestalde, lehiaketatik haratagokoa ere esperientzia ederra izan zen; barre algara ederrak bota genituen batzuen kontura. Turismo pixkat ere egin genuen Caceresko alde zaharreko kaleetan zehar; egia esan, lehiaketako zirkuitua ezik, beste guztia hoteletik oso gertu zegoen, hiriaren erdialdean baitzegoen hotela. Joaneko bidaia eta bueltakoa ondo joan ziren gure furgonetako Joseba txoferraren eta Vanessa kopilotoaren lanarengatik\".\ \ Meritu itzela gurea bezalako herri txiki bat ordezkatzea, Espainiako punta batean. Zorionak!\ \ Donostiako pista estalian ere, nola ez, han izan ginen. Oraingoan, Jone Zabaleta, Naiara Perez, Berezi Amubieta eta Yania Tena izan genituen pistako probetan parte hartzen eta emaitza bikainekin itzuli ziren etxera.\ \ Larunbatean, Jonek 1.500 metroetan hartu zuen parte, oso emaitza ona lortuz (4:48); igandean, berriz, 800 metroetan irten zen, denbora bikaina eginez (2:22:46). Gainera, parte hartu zuen bi egun horietan podiumera igotzea lortu zuen! Gogor dabil pistan eta krosetan, ikusten da zenbat lan egiten duen neska honek!\ \ Yania ere Jonekin egon zen bi egunetan. Larunbatean 400 metroetan hartu zuen parte eta, 1:06:07rekin, bere denbora hobetu zuen. Igandean, berriz, 200 metroak egin zituen taldeko beste bi neskekin, eta hor ere hobetu zuen marka, 28:43rekin. Krosak alde batera utziz, pistan kontzentratzen ari da emaitza onak lortu ahal izateko.\ \ Igandean Naiara eta Berezi ere izan genituen 200 metroetan. Naiara larunbatean ere joan zen belodromora, 60 metroko lasterketan parte hartzera; bere denbora 8:75 izan zen. Igandean bere denbora onena lortu zuen, 28:54 eginez, aurrekoan deskalifakatu egin baitzuten, eta ezin izan zioten emaitza konkretu bat jarri.\ \ Berezik, aldiz, 29:86 egin zituen, bere indar guztiak jarriz azkenengo momentura arte.\ \ Oso ondo, neskak! Horrela pasatu zuten neskek aurreko asteburua, emaitza bikainak lortuz eta gero eta maila hobea erakutsiz!\ \ A ze asteburua! Bete-betea eta emaitza bikainez borobildua. Segi dezazuela guztiok horrelaxe lanean!