Haurrentzat Elkartasun Azoka antolatu du Elkar-ekinek abenduaren 20, 27 eta 28rako

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2013ko abe. 3a, 15:19
Gabon oporrak gainean ditugun honetan Elkar-ekin kolektibotik ekimen berri bat aurkeztu nahi dizuegu azpeitiarrei. Data hauen izaera berezia kontuan izanik, herriko haurrentzat Elkartasun Azoka egingo dugu abenduaren 20an, 27an eta 28an. Elkartasun Azoka hau Azoka Herritik ekimenaren baitan burutuko da, zeinak hainbat ekimen antolatuko dituen data hauetarako.\ \ Herritar guztien parte hartzearekin egin nahi dugun Elkartasun Azoka da honakoa; beraz, denok gonbidatu nahi zaituztegu zuen ekarpena egitera. \ \ Asmoaren nondik norakoak:\ \ - Etxe askotan bazterrean utzita dauden umeen jostailu, bizikleta, liburu, eskolako material eta arropak jaso nahi ditugu, hauei erabilgarritasuna eman eta behar dituzten haurren eskuragarri jartzeko.\ \ - Materiala donazio bezala jasoko da. Alegia, kasu honetan ez da aukerarik izango etxean duzuen materiala saltzeko.\ \ - Elkar-ekinek prezio merke batean jarriko ditu salgai produktuak, edozein herritarren eskuragarri egon daitezen. Honez gain, behar handienak dituzten herriko umeei bono bat emango zaie opari bat dohainik har dezaten. Udaleko zerbitzu sozialen zerrenda erabiliko da banaketa hau egiteko.\ \ - Ekimen honetan parte hartzea nahi, baina etxean jostailurik edo antzekorik ez duten herritarrek aukera izango dute herriko dendetan zerbait erosi eta donatzeko.\ \ - Lortzen den dirua ekimen sozialak bultzatzeko erabiliko du Elkar-ekinek, pobreziari eta bazterketari aurre egin eta gizarte justu bat egiteko bere eguneroko lanean, hain zuzen.\ \ - Gabon bezperako datetan egongo gara materiala jasotzen, herriko bi gunetan:\ \ + Sanjuandegiko Auzo Lokalean\ + Soreasun\ \ - Datak: Abenduak 12, 13, 14. 16, 17, 18\ - Arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara egongo gara lokal hauetan.\ - Abenduak 14, larunbatez, goizeko 10:00etatik 13:00ak arte egongo gara.\ \ Ohar garrantsitsuak:\ \ - Ez dira onartuko sexistak diren jostailuak, edo emakumeen irudia desitxuratzen dutenak.\ - Norbaitek zerbait erostea erabakitzen badu, herriko dendetan erosteko gonbidapena egiten diogu.\ - Nahi adina material ekarri daiteke.\ - Soberan gelditzen zaigun materiala aurrera begira aterako dugu, helburu berberekin eta antzeko proiektu edo egitasmoetan.\ - Azokaren bueltan lanean ibiliko garen herritarrak musu-truk arituko gara lanean, honakoa kausa justu bat dela uste dugulako. Horrela ari gara egunerokoan eta horrela arituko gara egun horietan ere.\ - Nahi duen oro ongi etorria izango da ekimen honetan laguntzera, bai materiala ekartzera, bai egun horietan lan egitera ere. \ \ Datozen datetan zentzuz kontsumitzeko deia:\ \ Bizi ditugun garai zailek gogoetara bultzatu behar gaituzte ezinbestean. Zentzu honetan, gure bizitzeko moduaren gainean eztabaida bultzatzea, gure jarrerak berrikustea eta ondoriok ateratzea beharrezkoa ikusten dugu Elkar-ekin taldetik.\ \ Etengabeko kontsumo itsuan nahi gaituzte herritarrak, zentzurik gabe; gure beharretan baino, gutxi batzuen interes ekonomiko zehatzen arabera jokatzera bultzatuz. Datozen datak dira esaten ari garenaren adibiderik argiena. Telebistak eta kaleak publizitatez beteak daude dagoeneko, zer erosi behar dugun esaten ari zaizkigu, zer jan behar dugun, zenbat edan behar dugun, nola jantzi behar dugun, nora joan behar dugun ondo pasatzera, loteria non erosi behar dugun, eta abar. Guztiaren atzean dirua ageri da, gure diruarekin beste batzuk aberasteko beti ere.\ \ Mezu indartsu eta etengabe hauen aurrean bestelako jarrerak izatera gonbidatu nahi ditugu herritarrak. Honela bada, ondorengoak kontuan hartzera deitzen zaituztegu azpeitiarrak, bai gainean ditugun datetan, bai eta urte osoan zehar ere:\ \ - Zentzuz kontsumitzea. Ditugun beharren araberako erosketak egitea, eta ezer erosi aurretik ea erostea beharrezkoa al den aztertzea.\ \ - Haurrak eredu honetatik ateratzea. Beraiei begirako publizitate izugarriak ekiditea, ondo pasatzea, jolastea eta disfrutatzea kontsumotik bereiziz.\ \ - Egiten ditugun erosketetan bertako produktuak lehenestea eta herriko komertzio txikiak kontuan izatea.\ \ - Sexistak diren eta emakumeen irudia desitxuratzen duten produktuak baztertzea.\ \ - Bortxara bideratuak dauden jolasak baztertzea.\ \ - Jolasaren helburu didaktikoak kontuan izatea, elkartasuna, parte hartzea eta elkarlana bultzatzen dituztenak lehenestea. \ \ Gozatzeak ez du nahitaez kontsumoarekin loturik egon behar. Beraz, opariak egiteko orduan, bazkari eta afariak antolatzeko garaian, parrandara ateratzean eta bestelako egoeretan zentzuz jokatzeko deia egiten dugu.\ \ Honez gain, data hauetan ere elkartasunaren balorea presente izatea garrantzitsua da gure ustez. Behar gehien dutenei laguntzea, besteen egoerez jakitun izatea, gai hauetaz hitz egitea eta eztabaidatzea beharrezkoak izango dira data hauetan ere, aldaketaren bidean elkar hartuta aurrera egiteko.\ \ Elkar-ekin taldetik antolatu dugun azokak ere eman dezake zentzu honetan keinutxo bat egiteko aukera. Ondo pasa oporrak! \ \ Gure berri izateko:\ \ http://uztarria.com/komunitatea/elkar-ekin\ \ Harremanetarako:\ \ elkar_ekin@hotmail.com\ \ Twitter kontua:\ \ https://twitter.com/ElkarEkin\ \ Taldearen helburuak honakoak dira:\ \ - Egoera larrienean dauden herritarrei laguntza ematea.\ \ - Eredu justu eta solidarioen gainean alternatibak eraikitzea.\ \ - Politika ekonomiko eta sozial justuen alde kalean mobilizatzea.\ \ Ostegunero biltzen gara Azpeitiko Sindikatu Zaharrean, arratsaldeko 19:00etan. Herritar guztiei irekia dagoen kolektiboa da Elkar-ekin.