Izaera komunitarioan iniziatiba hartzeaz aritu ziren zapatuan

Joan den larunbatean 20 lagun bildu ginen Sindikatu Zaharrean burututako mintegian, eta hiru orduko saioa egin genuen. Nola hartu iniziatiba izaera komunitariotik? galderari erantzuten saiatu ginen denon artean, eta Juantxo Estebaranz aritu zen dinamizatzaile lanetan. Krisiaren inguruko bere ikuspegia azaldu zuen Estebaranzek, eta ondoren lan talde ezberdinetan batu ginen, zehazki lau lerroren inguruan aritzeko:

- Batetik krisiaren eszenatokia aztertu genuen; nondik eratorri den, zerk eragin duen eta zer espero daitekeen.

- Krisiak ukitu dituen eremu sozial ezberdinak aztertu genituen. Krisiak nagusiki zein eremu kolpatzen dituen aztertuz eta horien egoeraz arituz.

- Egoera honi aurre egiteko gauzatu daitezkeen aliantza posibleen inguruan hitz egin genuen. Mugimendu sozialetatik, sindikatuetatik, erakundeetatik eta bestelako esparruetatik elkarlanean egin daitekeenak, hain zuzen.

- Eta azkenik, ekintza lerroaz ere jardun genuen. Praktikan egin daitekeenaz.

Lan taldeen ondoren plenarioan batu ginen denok berriz, eta bertan lan taldeetan atera ziren iritzi ezberdinak partekatu genituen, eztabaida ezberdinei bide emanez eta adostasun puntuak bilatuz.

Elkar-ekin taldeak mintegiaren balorazio oso positiboa egiten du, nahiz eta jende gehiago bertaratzea espero genuen. Jakitun gara herritar asko kezkaturik dagoela bizi dugun egoerarekin, eta zentzu horretan gonbidapena zabaldu nahi dugu denon artean hausnartu era aritzeko. Elkar-ekin taldea ostegunero batzen da Sindikatu Zaharrean, 19:00etan.