Martxoko kontzertua, Asteburu Musikalak hasteko

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Musika Banda 2013ko mar. 22a, 08:52
Datorren Igandean, martxoak 24, Azpeitiko Musika Bandak kontzertua eskainiko du Soreasu antzokian, 13:00etan. Aurtengo Asteburu Musikalak egitarauaren aurreneko hitzordua izango da.\ \ Kontzertuan, Elton John edota Ennio Morricone bezalako musikari famatuen piezak joko ditugu, Euskal Herrian egindako jota eta pasodobleak, amodiozko obra bat eta erritmo ezberdinetako suit-a.\ \ Kontzertua gustukoa izango duzuelakoan denak gonbidatuak zaudete bertara.\ \ Jarraian kontzertuaren azalpen zabalago bat duzue, Unai Frantzesena zuzendariaren eskutik:\ \ Kontzertua 'Tolosa' pasodoblea eta 'Tomas Rekondo' jotarekin hasiko dugu, Joaquin Ortega Villar 'Canario' (1951- ) hernaniarrak eginiko abestiekin. Pasodoblea Tolosako herriari eskainia da bere sorreraren 750. urteurrenean, 2006ko urriaren 21ean estreinatua Tolosako bandaren eskutik.\ Ondoren joko dugun jota bere laguna den Tomas Rekondori eskainia da eta 2005eko uztailaren 2an estreinatu zen Lesakan. Canario Los Incansables txarangako partaidea da.\ \ Ondoren Edward Elgar (1857-1934) konposatzaile britaniarraren 'Salut D'Amour' abestia izango dugu. 1888. urtean pianorako konposatu zuen 'Liebesgruss' izenarekin arrakasta handiegirik gabe. Baina laster egin zion biolin eta pianorako moldaketa eta baita izen aldaketa ere, 'Salut d'amour'. Era honetan bere abestirik ezagunenetako bat bihurtu zen, orkestra eta bandetan jotzeko moldaketa ugari egin zizkiotelarik. Egile honen beste abesti ezagun bat 'Pomp and circunstance marches' da. Bandarako moldaketa Willy Hautvast musikari ingelesak eginikoa dugu.\ \ Doinu eta konposatzaile garaikideetara salto bat 'Alphabetical Suite Vol.2' obrarekin. Antonio Rossi (1964 - ) konposatzaile eta musikari italiarrak bandarako konposaturiko lan honetan, alfabeto greziarreko Delta, Epsilon, eta Zeta hizkiak aitzakiatzat hartuta, hiru zatiz osaturiko 'suite' hau osatu du. Bertan musika hizkuntza edo estilo ezberdinak nahasten dituelarik, Grezia zaharreko musikako 'modoak' eta 9. mendeko musikaren arteko zubi eginez. Lan gogorra bandako kideentzako, erritmo-konpas aldaketa asko eta zailak dituelako batez ere 'Zeta' izeneko hirugarren zatian. Musika pieza honen aurreko zatia 'Alphabetical Suite Vol.1' 2011ko apirilean jo genuen Azpeitiko Bandarekin.\ \ 'Elton John in Concert'. Izenburuak dion bezala Elton John (1947 - ) abeslariaren abestiekin eginiko 'poupourri' edo 'medley' bat da. Bertan 'Nikita', 'Blue Eyes' eta 'Don't Go Breaking My Heart' uztartzen ditu Don Campbellek eginiko moldaketa honek.\ \ 'Nuovo Cinema Paradiso' filmeko soinu bandarekin bukatuko dugu kontzertua. Ennio Morricone (1928 - ) konposatzaile italiar ospetsuak eginiko musika duen pelikula hau, 1988an estreinatu zen eta 1989ko Oscar sarietan atzerriko hizkuntza duen filmarik onenaren saria jaso zuen, baita Bafta sarietan soinu bandarik onenaren saria ere. Ennio Morriconek 500 pelikula eta telebista saioetarako musikak egin ditu bere bizitzan zehar, oso ezagunak asko eta asko: 'El bueno, el feo y el malo', 'Por un puñado de dolares', 'La Mision'... 2007an Oscar saria ere jaso zuen, bere bizitza osoan zinearen industriari egindako musika ekarpenengatik.