\'Stop Desahucios\' plataformakoen hitzaldia, Elkar-ekin taldeak antolatuta

Azpeitian eratu berri den Elkar-ekin taldeak antolatuta, \'Stop Desahucios\' etxe kanporatzeen aurkako plataformako kideek hitzaldia emango dute bihar, osteguna, otsailak 14. Sindikatu Zaharrean izango da hitzordua, 19:00etan. \ \ Elkar-ekinen eraketa prozesua dela eta, nondik norakoak zertxo bat azaltzeko elkarrizketa bat atera dugu. \ \ -------------------------------------------------------------------------------------------------------------- \ \ NORK OSATZEN DUZUE ELKAR-EKIN ETA ZERTARAKO? \ \ Elkar-ekin taldea definitu aurretik, egokia iruditzen zaigu gizartearen egungo egoeraren aipamen azkar bat egitea. Azken urteetan, krisiaren aitzakian, gizartean bizi-baldintza eta eskubide murrizketak ezartzen ari dira , ia alde guztietatik. Egoera honetara iritsi izanak erantzule zuzenak ditu, ordea: sistema finantzarioa osatzen duten enpresa eta erakundeak, espekulazioa lan-jarduera bilakatu duten enpresa eta norbanakoak, gizarteko baloreak axola gabe eta pertsonen eskubide eta ongizatearen kontura ahalik eta mozkin handienak lortu nahi dituzten enpresa multinazionalak (eta ez horren multinazionalak), orain arte demokrazia partidokrazia bihurtu eta, gehienbat, beren interes propioak defendatzen dituzten talde politikoak, ustelkeria legedi barruan mozorrotuta darabilten politiko, enpresa eta norbanakoak... \ \ Argi dago botere ekonomiko horiek beraien klase interesak defendatzen dituztela, eta guri, herritarroi, gureak defendatzea dagokigu. Izan ere, gaur egun herritarrok pairatzen ditugu, gehienbat, zurrunbilo zoro honetan murgildu den sistemaren ondorio latzenak. \ \ Horrela bada, Elkar-ekin Azpeitian sortzen ari den herritar talde bat gara. Elkarte ezberdinetako kide eta adin, sexu eta sentsibilitate anitzeko norbanakoz osatuta dago. Gure helburua, bi hitzetan adierazteko, egungo kapitalismoaren bihotzgabekeria Azpeitiko egoera soziekonomikoan sortzen ari den egoerari aurre egitea da, herritarron arteko elkartasuna eta ekimena oinarritzat hartuta. Horrela, esaterako, egoera berri honetan herritarron artean arazo edota behar handienak dituzten herritarrei laguntzea eta babesa ematea izan daiteke helburuetako bat. \ \ Antzeko helburuak izan ditzaketen elkarte sozial eta erakunde publikoak, jada, badira ere, uste dugu, batetik, herri-mugimendutik sortutako taldea beharrezkoa dela herrian, eta, bestetik, jada dauden beste elkarteen arteko harreman zuzena baliagarria izan daitekeela ekintzak eta indarrak koordinatzerako orduan. \ \ NOIZ EDO NOLA SORTZEN DA ELKAR-EKIN TALDEA? \ \ Iraileko greba orokorraren harira, hainbat herritar egoeraren larritasunak lanketa berezi bat eskatzen zuela jabetu, eta "greba batzarra" sortu zen, greba orokorra indartu eta borroka esparru ezberdinetara zabaltzeko asmotan. \ \ Mobilizazioen arrakastak herritarron konpromisoa erakutsi zigun hein handi batean, eta Azpeitiko egoerak hala eskatuta, biltzen jarraitu eta gaiari gogor heltzea erabaki zen, Elkar-ekin taldea sortuz. \ \ ZER EGIN DUZUE ORAIN ARTE? \ \ Talde berri eta anitza izanik, gutxieneko nondik norakoak zehaztu ditugu, eta taldeari forma ematea erraza ez izan arren, aurrerantz begira burutu beharreko alorrak zehazten jarraitzen dugu. Taldea, gaur egun, autoformakuntza prozesu batean aurkitzen da. Eragile desberdinekin batu, herriko egoeraz informatu eta helburu berri eta zehatzagoak finkatzeko diagnosi bat burutzea da orain gure lehentasuna. Horretarako, taldeak harreman bideak ireki ditu Azpeitiko udalarekin eta beste hainbat erakunderekin. \ \ EPE MOTZERAKO HELBURURIK BAI? \ \ Gure lehen helburua taldean ahalik eta pertsona gehienek parte hartzea izanik, berau ezagutzera ematea da lehen lana. Taldeak hitzaldi desberdinak ere antolatu ditu, taldearen autoformakuntzara zein herritarrengana bideratuta. Esaterako; otsailaren 14an \'Stop Desahucios\' plataformakoen eskutik hitzaldia izango dugu, eragile ezberdinetako kideekin datak zehazten ari gara, eta beste hainbat talderekin ere harremanetan jartzeko asmoa dugu. \ \ Bestalde, udaletxeko arduradunekin izandako harremanen harira, herrian identifikaturiko behar sozial batzuei erantzuten saiatuko gara auzolana indartuz. \ \ ETA AURRERA BEGIRA? \ \ Formakuntza eta informazio bilketa burutu eta gero, ondorioak atera, hutsuneak identifikatu eta lan esparruak banatzea litzateke gure helburu nagusia. \ \ Talde gisa, gure lehentasunak izango dira etorriko diren erasoei erantzutea, herritarra bideratzea, egungo egoera zuzenean pairatzen dituztenekin ekintza posibleak garatu eta berriro gerta ez daitezen alternatiba errealak aztertzea... Horiek guztiak auzolanean eta elkartasunean oinarrituta emango ditugu aurrera eta, horretarako, ezinbestekoa da herri-mugimendua suspertzea eta herritarrok parte hartzea. \ \ HERRITARREI HELARAZTEKO ZERBAIT? \ \ Herritar gisa pairatzen ditugun erasoei herritar bezala erantzun beharrean aurkitzen garela azpimarratu nahi genieke, elkarlanean egoera honi buelta emateko bideak jorratu eta AzpeitiA berri bat eraikitzeko baliabideak sortu ditzakegulako. \ \ Animatu eta hartu parte Elkar-ekin taldeko bileretan, ostegunero 19:00etan Sindikatu Zaharrean.