Pista estaliko denboraldiaren laburpena

Erabiltzailearen aurpegia da hau Xeye Atletismo Taldea | Kirolak
2017ko mar. 7a, 14:34

Pista estaliko denboraldiaren laburpena

Amaitu zaigu aurtengo pista estaliko denboraldia. Oro har, emaitza onak lortu ditu taldeak aurtengoan. Besteak beste, azpimarratu bi atleta izan direla Espainiako txapelketetan eta dominak batzuk lortu ditugula Gipuzkoa zein Euskadiko txapelketetan. Parte hartzeari dagokionez, azken urteetako bolada onari jarraitu dio aurtengoak ere. Hauek dira taldekideek lortu dituzten emaitzak:

Kamran Arif: Krosseko denboraldian kiku batzuk egin eta Anoetako pistan egin zituen probak batzuk. 800 metro eta 1500 metrotan aritu zen. Bietan ere bere markak hobetu zituen.

Joseba Diaz: Gutxitan ikus dezakegu pistan lasterka egiten Diaz. Mendiko denboraldian sartu aurretik 3000 metrotan parte hartu zuen. Emaitza oso ona lortu zuen, eta, erlojua, 8:54an geratu zuen.

Jon Perez: Azken urteetan egin duen modura, maila oso ona erakutsi du aurten ere Perezek. Mailaz igo da denboraldi honetan, modu horretan, etorkizuneko atleta onenen pareko mailan dago jada atleta gaztea. Maila berriaren zailtasunetara primeran egokitu da, eta aurten ere lortu du Espainiako txapelketarako markak egitea. 1500 metrotan 4:00 eta 800 metrotan 1:58, horiek izan dira bere markak.

Amets Aranberri: Aukera gutxi izan ditu lehiaketetan parte hartzeko. Min hartu aurretik, soilik, 1500 metroko proban atera zen. Espero dugu udaberrian berriro onena emateko moduan izango dugula.

Aitor Zubillaga: Bigarren urtea du gurekin Aitorrek. Aurreko urtean emaitza onak lortu zituen, baina arazo asko izan zituen lesioekin. Aurtengoan, udaratik egindako lan onari esker, entrenamendu guztiak behar bezala egiteko aukera izan du, eta hori nabaritu da emaitzetan. 60 metrotan 7.08ko marka itzela lortu du eta 200 metrotan 22.84koa. Bi probetan Espainiako txapelketara joan ahal izateko marken azpitik ibili da. Gipuzkoa zein Euskadiko txapeldun izan da 60 metrotan; maila nagusian 4. postuan sailkatu da, eta Espainiako txapelketan 10. Postua lortu du. Hitz gutxitan esateko, lan bikaina egin du.

Aintzel Bereziartua: Lasterketa bakarra egin du Bereziartuak neguko denboraldian. Bertan, bere marka hobetzea lortu zuen eta gustura geratu ginen egindako lanarekin. Udaberria laster da, eta ea aukera gehiago dituen probak egiteko.

Larraitz Blanco: Blancorentzat aurreneko urtea izan da Euskadiko egutegia lehiatzen, pasa den urtean Estatu Batuetan ibili ondoren. Gainerako taldekideekin alderatuz berandu xamar hasi zen entrenamentuekin, hala ere, marka txukunak lortu eta Gipuzkoako 400 metroko proban 5. postua lortu zuen.

Yania Tena: Tena asko baldintzatu dute lesioek. Denboraldia hasi zenean bizkarreko arazoak izan zituen, eta horrek neguko denboraldia asko mugatu diote. Sasoian jartzen ari zela pistan, lehiaketan bertan, min hartu eta denbora luzez geldi egon behar izan du. Min eta guzti ere, 4. postua eskuratu zuen Gipuzkoako 400 metrotako proban. Aire Libreko denboraldian aurreko urteko maila hobetzeko gogor ari da lanean.

Ekain Uzkudun: Bere helburuak zeharo aldatu ditu Uzkudunek. Jaurtiketak, une batez, alde batera utzi eta abiadurako probetan hasi da. Apurka-apurka joan da gustua hartzen korrika egiteari. Horren adibidea da 60 metrotan lortutako marka 7.80. Bestalde, 200 metrotan ere parte hartu zuen.

Naroa Muñoz: Itxaropentsu hasi zuen denboraldia, baina berehala txorkatileko bihurdura batek geratu zuen bere lana. Ez zuen etsi hala ere, eta urtea hasi orduko iritsi zaizkio emaitza onak. Gipuzkoako eta Euskadiko txapeldun izan da; bere marka hobetu du; 1,52 metroko jauzia egin du, eta, saiatu zen arren, Espainiako gutxieneko marka egitetik oso zentimetro gutxira geratu zen.

Nagore Odriozola: Gora beherak izan ditu Odriozolaren denboraldiak. Gogotsu hasi zen arren, kosta zitzaion nahi zituen emaitzetara hurbiltzea. Azkenean bere marka hobetu zuen 60 metrotan, erlojua 8.37an geratu zuen. Lan onaren fruituak jasoko ditu laster hasiko den pistaz kanpoko denboraldian.

Nerea Rezabal: Berarentzat aurreneko denboraldia izan da pista estalian lehiatzen, bi probetan aritu da: 300 eta 600ean. Garbi ikusi da Rezabalek 300eko proba duela kuttunena eta marka politak lortu ditu pista estaliko aurreneko denboraldian, orain, Aire Librean 300eko probari begira ari da gogor entrenatzen aurreko urteko markak hobetzeko asmoarekin.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu